Julen Alberdi 'Txikia IV'.a, aizkolaria

"Aurkarien hutsegiteak eta egoera txarrak aprobetxatzen saiatuko naiz"

Anartz Izagirre 2019ko ekainaren 6a

"Ustekabean" harrapatu zuen Julen Alberdi Txikia IV. a Urrezko Aizkolarien finalera sailkatu izanak. Jakin badaki bi aurkari gogor izango dituela parez pare ostiralean Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatuko den Urrezko Aizkolarien finalean. Halere, "itxaropentsu" eta "gogotsu" ekingo dio finalari azkoitiarrak.

Lehenengo aldiz iritsi zara Urrezko Aizkolarien finalera, espero al zenuen?

Ez nuen Urrezko Aizkolarien finalera sartzerik espero, are gehiago, finalerdietan sartzea ere oso zaila ikusten nuen. Finalaurdenetan sekulako sorpresa hartu nuen, emaitza onak izan bainituen, eta finalerdietara sailkatzea lortu bainuen; neure buruan konfiantza handiagoa izatea ekarri zidan horrek. Sekulako ilusioa egin dit finalera sailkatzeak.

Zein lan egin beharko dituzue finalean?

Hasteko, 45 ontzako enbor bat erlojuzkontra, kanaerdiko bat zutik, eta oinbiko bat moztu behar ditugu. Azkenengo fasean, orain arteko kanporaketetan jokatu ez ditugun probak egingo ditugu: bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta 1,50 metroko beste bi enbor moztu beharko ditugu.

Mikel Larrañaga eta Iker Vicente izango dituzu aurkari finalean. Lehiakide gogorrak izango al dituzu?

Oso aurkari gogorrak izango dira biak ala biak. Iker Vicente zutikako probetan oso ondo moldatzen den aizkolaria da, eta luzeko lanetan ere oso emaitza onak lortu ditu azkenaldian. Mikel Larrañagak, berriz, zutikako probetan denbora apur bat galtzen du, nik bezala. Baina azkenengo lanetan oso indartsu ikusi dut, eta hura gainditzea oso zaila izango dela iruditzen zait.

Urrezko Aizkolarien finala irabazteko aukerarik ikusten al duzu?

Ez dut ezinezkoa ikusten, baina finala irabaztea baino, nire helburua lan on bat egitea da; etxeko entrenamentuetan orain arte egin dudan lana finalean erakusten badut, badakit beste bi lehiakindeengandik gertu ibiliko naizela. Hala eta guztiz ere, egurren kalitatea eta zortea ere faktore garrantzitsuak izango dira probak irabazterako orduan. Aurkarien hutsegiteak eta egoera txarrak aprobetxatzen saiatuko naiz.

Zein izango da Urrezko Aizkolarien finalean izango duzun gauzarik zailena?

Txapelaren bila joango banintz, presioa izango litzateke okerren eramango nuena, baina irabazteko faboritoa ez naizenez, lasaiago jokatuko dut lehiaketa, ez baitut hainbesteko presiorik sentitzen. Probak ondo egiten ahaleginduko naiz, eta adi ibili beharko dut zutikako proban, horretan galtzen baitut denbora gehien. Apurka-apurka hobetzen ari banaiz ere, kasu batzuetan beste aurkariengandik urrun nagoela sentitzen dut oraindik ere.

Zein da zure puntu indartsuena aizkoran?

Etzandako proban ondo moldatzen naiz, eta finalaren zati horretan oso parekatua izango da hiruron arteko lehia. Orain arte, Mikel Larrañagarekin eta Iker Vicenterekin batera egokitu naizen plazetan, atzetik ibili izan naiz. Aurten, ordea, uste dut lan ona egin eta finalean itxura ona eman dezakedela, azkenaldian egin dudan lan guztiagatik.

Azpeitian izango da finala. Herritik gertu jokatzeak zer suposatzen du zuretzat?

Ez dut presio gehiago sentitzen finala etxetik gertu jokatu behar dudalako, inguruko jendea finala ikustera etortzeak sekulako ilusioa egiten baitit; presioa eragin baino, lagundu egingo dit etxean jokatzeak.

Aurrera begira, zer proba dituzu buruan?

Uztailaren 26an egingo den Gipuzkoako lehenengo mailako finala eta udazkenean egingo den Euskadiko lehenengo mailako txapelketa ditut buruan; eta horiek dira, gaur gaurkoz, nire helburu nagusiak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide