Ohiko norabidea berreskuratu du Beidazar kaleko eta Trenbidearen Zumardiako errepideak

Urola Kostako Hitza 2019ko eka. 5a, 16:55

Otsailaz geroztik, Azkoitiko kiroldegiaren aurreko biribilgunetik Beidazar kalerako eta handik Trenbidearen Zumarira arteko errepidea norabidez aldatuta egon da ibilbigailuentzat, baina dagoeneko ohiko egoerara bideratu dute zirkulazioa. Izan ere, udalak amaitu ditu Beidazar eta Nemesio Otaño kaleetako hainbat tartetan espaloiak konpontzeko lanak. Hori hala, aurrerantzean, Ertzainetxetik Ibai Ondo kalera jaitsi beharko dute ibilgailuek, azken hilabeteetan ez bezala. Era berean, Trenbidearen Zumardia kaleko 2. eta 4. zenbaki arteko errepide zatiak noranzko bikoitza izango du berriz.

Udalak adierazi duenez, Beidazar kaleko errepideak goranzko norantza izaten jarrai dezala eskatu dute hainbat herritarrek; hau da, San Martin auzotik Ibai Ondo kalera jaitsi jaitsi beharrean, ibilgailuek kiroldegiko biribilgunetik ertzainetxe aldera igotzeko aukera izan dezaten galdegin dute zenbaitek, eta eskaera hori aztertu egingo duela agindu du udalak.

Azken hilabeteetan hainbat lan egin du udalak San Martin auzoan. Besteak beste, Beidazar kaleko aldapatik Nemesio Otaño kaleko eskaileretaraino espaloia berritu du, eta saneamenduko azpiegiturak ere konpondu ditu, euri urak eta ur fekalak bananduz. Orain, berriz, Zalduntxoen kaleko laugarren zenbakiaren aurrealdeko espaloia ari dira konpontzen. Egurki enpresa ari da lanak gauzatzen, eta 182.428,99 euroko aurrekontua dute obrek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide