Karlos Arrizabalaga 'Xapatero'-k botako du zapatuan, V. Pelotai Euneri hasiera emango dion pilotakada

Urola Kostako Hitza 2019ko ekainaren 4a

Kontzejupean 13:15 aldean izango da jaiaren hasiera; izan ere, gaur egungo pilotariak eta pilotari ohiak kalejira eginda orduan iritsiko dira plazara, eta lehengo pilotariek omenaldia jasoko dute; pilotakada ere orduan jaurtiko du Xapaterok. Aurretik eta ondoren ekitaldi ugari izango dira, ordea. Besteak beste, pilota partidak, emakumeen txapelketako finala, bazkaria eta abar egingo dituzte.

Iazko Pelotai Euneko irudia. (Julene Frantzesena)

Datorren zapatuan izango da Azkoitiko V. Pelotai Eune, eta egunaren antolaketaz arduratzen den Txulue taldeak hala erabakita, Karlos Arrizabalaga Xapaterok botako du jaiari hasiera emango dion pilotakada, Kontzejupean. 13:15 aldean izango da jaiaren hasiera; izan ere, gaur egungo pilotariak eta pilotari ohiak kalejira eginda orduan iritsiko dira plazara, eta lehengo pilotariek omenaldia jasoko dute.

Goizean, 11:00etatik 13:00etara, pilotariek kalejira egingo dute txistulariek, erraldoiek eta buruhandiek lagunduta. 12:00etan hasita, berriz, nesken txapelketako hiru pilota partida izango dira Kontzejupean, eta norgehiagoka horietako bat finala izango da; biharko eta etziko partidetan erabakiko da nortzuk jokatuko duten finala. Ondoren, sari banaketa ekitaldia egingo dute. Mutilen lehia, berriz, bertan behera utzi du egunaren antolakuntza taldeak, gizon pilotarien Whatsapp taldean emakumeei egindako irainengatik.

Emakumeen txapelketako sari banaketa bukatzean, lagun arteko pilota partida bat izango da Kontzejupean bertan: Epelde eta Zendoia azkoitiarrek Iurgi azpeitiarraren eta Uzkudun errezildarraren aurka jokatuko dute. 14:30ean, berriz, bazkaria egingo dute 260 bat lagunek Berdura Plazan.

Bazkalostean, Kaleazka saio herrikoia egingo dute Kontzejupean, eta segidan, Oteiza pilota eskolako gaztetxoen bi partida izango dira Kontzejupean. Ondoren, 19:00etan hasita, nesken pilota erakustaldia izango da: Arrieta eta Bikendi azkoitiarrek Orbegozo eta Badiola azpeitiarren kontra neurtuko dituzte indarrak. Haien neurketa bukatzean, berriz, mutilen partida bat izango da: Markelek eta Alexek Egigurenen eta Urbietaren aurka jokatuko dute.

Pelotai Eunean txosna ere jarriko dute plazan, eta txorizo egosia dastatu ahal izango da bertan. Gunea 11:30etik 14:30era eta 17:00etatik 20:00etara izango da zabalik.

Dokumentala eta erakusketa

Festa eguna zapatuan izango da, baina ostiralean Azkoitiko Pilota Lekua dokumentala estreinatuko dute Elkargunean, 18:30ean hasita. Sarrera doakoa izango da. Azkoitiko pilotari ohien, pilota adituen eta historialarien kontakizunekin osatu dute ikus-entzunezko lana. Bestalde, Azkoitiko pilotari lotutako erakusketa bat zabalduko dute ostegunean, Torre Zuri aretoan. Egun horretan 18:00etatik 20:00etara izango da zabalik, eta zapatuan egun osoan izango da aretoa irekita.

Hona hemen, Pelotai Egunaren V. edizioko egitarau osoa:

Ekainak 6, osteguna

18:00. Pilotari lotutako erakusketaren irekiera, Torre Zuri aretoan.

Ekainak 7, ostirala

18:30. Azkoitiko Pilota Lekua dokumentalaren emanaldia, Elkargunean.

Ekainak 8, zapatua

11:00-13:00. Pilotarien kalejira, txistulariekin, erraldoiekin eta buruhandiekin.

12:00-13:00. Nesken Pilota Txapelketako partidak eta finala, Kontzejupean. Ondoren, sari banaketa.

13:15. Pilotari ohiei omenaldia eta pelotakada, Kontzejupean.

13:30-14:30. Mutilen pilota partidak. Epeldek eta Zendoiak Iurgiren eta Uzkudunen aurka jokatuko dute.

14:30-17:30. Bazkaria, Berdura Plazan.

17:30-18:00. Kaleazka herrikoia.

18:00-19:00. Pilota eskolako gazetxoen bi partida.

19:00-19:30. Nesken pilota partida. Arrietak eta Bikendik Orbegozo eta Badiola izango dituzte aurrez aurre.

19:30-20:00. Mutilen pilota partida. Marke eta Alex ariko dira Egigurenen eta Urbietaren kontra.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide