Azkoitiko Martirieta auzoan Pentekoste jaiak ospatuko dituzte datozen egunetan, eta hango jai batzordeak dagoeneko prest du festen egitaraua. Ostiralean hasita, auzotarrek hiru egunetan izango dituzte ekitaldiak, eta ohi bezela, txapelketek, jan-edanak, erromeriek eta ekitaldi erlijiosoek osatuko dute kartela.
Ostiralean, hilaren 7an, mus txapelketa azkarra jokatuko dute auzoko elkartean, 22:00etan hasita. Lau erregetara eta hiru ustelera jokatuko dute txapelketa, eta han parte hartzea nahi duenak 21:30etik aurrera eman ahal izango du izena, 25 euroan. Sariei dagokienez, bikote irabazleak 400 euro jasoko ditu, eta txapeldunordeak 200 euro.
Hurrengo egunean, berriz, afaria eta erromeria egingo dituzte elkartean, eta hara joaten direnek honako menu hau izango dute: urdaiazpikoa, legatza, saiheskia eta txuleta parrilan, ijito besoa, izozkia, kafea eta kopa. 30 euroan izango dute otordu hori, eta interesa duenak ostiralera bitartean eman beharko du izena, 685 73 29 81 telefonora deituta. 20:30ean hasiko dira afaltzen, eta segidan, Laja eta Lutxurdio trikitilariekin dantzaldia hasiko da.
Igandean amaituko dira Martirietako pentekosteak, eta 11:30ean, meza egingo dute auzoko elizan. Elizkizuna bukatzen denean, trikitilariek girotutako hamaiketakoarekin agurtuko dituzte festak.