Azkoitiko palistek erraz gainditu dute Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako final laurdenetako kanporaketa; izan ere, zapatuan jokatu behar zituzten itzulerako partidak Gurea pilotalekuan, baina Anoetako aurkariek ezin ziren aurkeztu –taldekide batek min hartu duelako–, eta beraz, zuzenean sailkatu da Azkoitia finalerdietara.
Joaneko kanporaketa 2 eta 1 irabazi zuten Azkoitiko pilotariek: Iker Epeldek 20 eta 6 irabazi zuen buruz buruko norgehiagoka; Jokin Aizpuruk eta Igor Juaristik 20 eta 8 irabazi zuten; eta Markos Azpirozek 20 eta 12 galdu zuen zazpi koadroren barruko partida.
Hernaniren edo Andoainen kontra jokatuko ditu finalerdietako partidak Azkoitiak; datorren astean hasiko da kanporaketa.