Aingeru Castrok eta Alaitz Urkiolak irabazi dute Goilurrak Basque Highlands rallya

Julene Frantzesena 2019ko eka. 1a, 21:23

Gaur egin dute Goilurrak Basque Higlands rallyaren lehen edizioa, Urola eta Goierri arteko errepideetan, eta Aingeru Castro eta Alaitz Urkiola (BMW M3) nagusitu dira, zortzi zatiko ibilbidea 57 minututan eta 20 segundotan gauzatuta. Bigarren sailkatu dira Joseba Iraola eta Sheila Lafuente (Porche GT3); horiek 58 minutu eta 17 segundo behar izan dituzte proba bukatzeko. Eta hirugarren izan dira Azpeitiko Lagun Artea eskuderiako Iokin Agirre eta Arantzazu Araneta (BMW M3), rallya 58 minutu eta 29 segundotan eginda. Guztira, 24 auto gidarik eta kopilotuk bukatu dute rallya. Honako lotura honetan ikus daiteke sailkapen osoa.

Zortzi zatitan banatuta egin dute rallya eta horietako bi Azkoitian egin dituzte: Azkarateko errepide zaharrean. Mandubiatik 09:40 inguruan iritsi dira autoak Azkaratera, eta orduan egin dute auto gidariek Azkoitiko lehen zatia. Azkarateko lehen saioa amaitutakoan, berriz ere Mandubiara joan dira partaideak, eta 12:55ean itzuli dira gidariak berriz Azkoitira; orduan egingo dute herriko azken saioa. Goizeko lau zatiak amaitutakoan, Azkoitiko plazan egin dute neutralizazioa, 13:35 inguruan. Arratsaldean, berriz, Garinen eta Mutiloan egin dituzte lasterketaren beste lau zatiak.

Azkoitiko Errebueltie eskuderiak eta Lazkaoko Ikullu Racing taldeak antolatu dute lasterketa, eta Euskal Herriko Txapelketarako puntuagarria da proba. Gainera, Euskadiko Automobilismo Federazioaren egutegiaren barruan sartu dute rallya.

Hona hemen, rallyko irudi batzuk (Argazkiak: Mikel Odriozola):

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide