Autozaleek hitzordu garrantzitsua izango dute asteburuan. Izan ere, Goilurrak Basque Highlands rallyaren lehen edizioa jokatuko dute, Urola eta Goierri bailaren arteko errepideetan. Azkoitiko Errebueltie eskuderiak eta Lazkaoko Ikullu Racing taldeak antolatu dute lasterketa, eta Euskal Herriko Txapelketarako puntuagarria izango da proba. Gainera, Euskadiko Automobilismo Federazioaren egutegiaren barruan sartu dute lehia.
Gaur eta bihar artean egingo dute rallya. Gaur arratsaldean, Lazkaoko erdigunean autoak egiaztatuko dituzte, eta ondoren, Azkoitira joango dira ibilgailuak. 20:30 aldera, auto guztiak Azkoitiko Plaza Berritik igaroko dira, eta herritarrek horiek ikusteko aukera izango dute. Gaua Lazkaon pasatuko dute autoek, eta bihar goizean, Mandubian hasiko dituzte erlojupeko probak.
Zortzi zatitan banatu dute rallya eta horietako bi Azkoitian egingo dituzte, Azkaraten, errepide zaharrean. Bigarren eta laugarren zatiak izango dira Azkaratekoak. Mandubiatik 09:40 inguruan iritsiko dira autoak Azkaratera, eta orduan egin beharko dute auto gidariek Azkoitiko lehen zatia. Azkarateko lehen saioa amaitutakoan, berriz ere Mandubiara joango dira partaideak, eta 12:55ean itzuliko dira gidariak berriz Azkoitira; orduan egingo dute herriko azken saioa.
Goizeko lau zatiak amaitutakoan, Azkoitiko plazan egingo dute neutralizazioa, 13:35 inguruan. Arratsaldean, berriz, Garinen eta Mutiloan egin beharko dituzte lasterketaren beste lau zatiak. Autoen probak direla eta, Azkarateko errepidea itxiko dute 08:30etik 14:30era.
Eskualdeko parte hartzaile ugari
Guztira, 70 bat autok parte hartuko dute lasterketan, eta antolatzaileek aurreikusten dute 5.000 ikusle inguru bilduko direla proban.
Eskualdeko ordezkaritza zabala izango du Goilurrak Basque Highlands rallyaren lehen edizioak. Joseba Iraola eta Sheila Lafuente azpeitiarrek (Porsche GT3), Ekain Eizagaetxeberria getariarrak (Mitsubishi EVO V), Iokin Agirre eta Arantzazu Araneta azpeitiarrek (BMW M3), Gurutz Agirretxe errezildarrak eta Hodei Intsausti azpeitiarrak (BMW 3), Iban Etxeniz eta Jesus Etxeberria azpeitiarrek (Peugeot 106 S16), Jon Arregi azpeitiarrak eta Igor Arriaran zestoarrak (Abarth Punto EVO), Harkaitz Zubimendi eta Aritz Elgarresta azpeitiarrek (Ford Fiesta), Ane Lazkano kopiloto azpeitiarrak (Anton Gandiagarekin, Ford Fiesta), Ion Izagirre azpeitiarrak (Ford Fiesta), Mikel Madinabeitia eta Iraitz Olariaga azkoitiarrek (Seat Ibiza 1.8T), Ekain Otaegi beizamarrak eta Ion Alberdi azpeitiarrak (BMW 325i) eta Imanol Zabala eta Jon Sorozabal azpeitiarrek (BMW 328i) osatuko dute Urola Kostako gidari eta kopilotuen zerrenda.