800 umek parte hartuko dute Azkoitiko 3x3 futbol festan

Urola Kostako Hitza 2019ko maiatzaren 30a

Iaz baino 140 neska-mutil gehiagok eman dute izena ekainaren laugarren asteburuan jokatuko dituzten partidarako, eta beraz, 30 talde gehiago osatu dituzte. Hasiera batean ekainaren 21etik 23ra bitartean egingo dute futbol festa, baina antolatzaileek adierazi dutenez, litekeena da laugarren egun bat behar izatea partida guztiak jokatzeko.

Aurreikuspen guztiak gaindituta egingo dute ekainaren 21etik 23ra bitartean 3x3 futbol festa Azkoitian. Izan ere, egitasmoaren antolatzaile Azpeitia Cupek adierazi duenez, 800 neska-mutilek eman dute izena han parte hartzeko, iaz baino 140 haur gehiagok. Hori hala izanik, aurten 30 talde gehiago arituko dira futbolean.

Aurreko urteetan bezala, Azkoitiko, Azpeitiko, Errezilgo, Zestoako, Zumaiako, Getariako, Zarauzko, Urretxuko, Zumarragako eta Legazpiko 5 eta 12 urte bitareko umeek hartuko dute Azkoitiko plaza ekaineko laugarren asteburuan. Antolatzaileen arabera, beharbada laugarren egun bat gehitu beharko dute 3x3 futbol festarren egutegira, eta hala egitea erabakitzen badute, ekainaren 20an, ostegunez, jokatuko dituzte aurreneko partidak. Dena den, gogoratu dute egun horretan ikasturte amaierako jaialdiak egiten dituztela hainbat ikastetxek, eta horiek kontuan hartuko dituzte partiden egunak eta orduak zehazterako orduan.

Parte hartzaileek elastiko eta domina bana jasoko dituzte, eta antolatzaileek ekainaren 18an banatuko dituzte kamisetak Kontzejupean, 18:00etatik 20:00etara artean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide