Atzo, asteazkena, hasi zen Azkoitia Lagunkoiak, udalarekin eta Plaza Ondo jubilatu elkartearekin elkarlanean, emozioak identifikatzeko eta ulertzeko antolatutako ikastaroari. Guztira ordu eta erdiko lau saio izango dira, eta oraindik badago tokia norbaitek izena eman nahi badu. Sentitu izena jarri diote tailerrari, eta haren helburuetako bat da nork bere indargune psikologikoak ezagutzea, ongi sentiarazten duten erlazioak zaintzearen garrantziaz jabetzea edota bakardadearen alderdi positiboak lantzea.
Saioak psikologian doktorea eta Matia Fundazioko ikertzailea den Nerea Galdonak zuzenduko ditu. Falta diren saioak ekainaren 5ean, 12an eta 19an izango dira, 10:30etik 12:00etara, Plaza Ondo jubilatu elkartearen egoitzan (Kultur Etxean, herriko plazan).
Ikastaroa doakoa da eta parte hartu nahi duten pertsonek izena eman dezakete udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan edo 943-08 00 80 telefonora deituta.