Jakoba Errekondo, paisajista eta agronomoa

"Ekoizpen ekologikoari eutsi ezean, ospitaleak betetzen segituko dugu"

Ane Olaizola 2019ko maiatzaren 30a

Sustraiak Bizirik taldeak antolatuta, Jakoba Errekondok (Usurbil, 1961) hitzaldia eskainiko du bihar, 19:00etan, Elkargunean. Aholkularitzarako tartea ere zabalduko du.

Zer litzateke Euskal Herriko paisaia kulturala baserritarrik gabe?

Paisaia naturala paisaia kulturalarekin lotzen dut, guk ikusten dugun horren guztiaren ezer ez delako naturala; dena da gizakiak sortutakoa, eta hemengo kulturak sortutako paisaia da daukaguna. Beste leku batean hango kulturak sortutako paisaia izango dute, tokian tokiko ekonomiak, nekazaritzak, abeltzaintzak, basoen ustiapenak eta ikatzgintzak eragin zuzena dutelako horretan. Beraz, hemengo paisaia kulturala oso desberdina litzateke baserritarrik gabe. Burdingintzak eta ontzigintzak agindu duten mendeetan, nekazaritza oso urria izan da, eta paisaia ere desberdina zen orduan. Azken bizpahiru mendeetan, berriz, baserritar asko egon dira, eta beraz, paisaia ere asko ustiatu da. Ustiaketa horrek sortu du gaur ezagutzen dugun paisaia. Nekazaritza abandonatzeak ekarri zuen pinudiak gehitzea eta larreak gutxitzea. Gure garapen ekonomikoa eta kulturala beti daude lotuta paisaiarekin.

Duela belaunaldi batzuk arte, etxeko sukaldea hornitzeko ezinbesteko baliabidea zen baratzea. Zertan aldatu da haren erabilera?

Asko aldatu da. Egun, noiznahi jaten ditugu kanpoko produktuak, hemen ez dagoelako nahikoa janari. Euskal Herriko biztanleok jaten dugun apur bat besterik ez du ekoizten herrialdeak. Elikagai asko kanpotik ekarri behar da, eta garai batean, hori ez zen horrela.

Egun, aisialdiarekin lotzen al da baratzea?

Aisiarekin baino, egungo joerarekin lotuko nuke baratzeari ematen zaion ustiapena. Oraingo gizarteak norbere burua zaintzeari eta norberaren osasunari eta bizi kalitateari garrantzia handia ematen dio, eta uste dut horregatik baliatzen dituztela egun baratzeak; osasunarekin kezkatuta egoteak bultzatu du jendea berriz baratzeetara gerturatzera. Herritarrek interesa dute barazkiak nola ekoizten diren jakiteko eta tokiko eta garaiko elikadura praktikan jartzeko.

Baratzeak ustiatzeko joera egonagatik, ortuzainek transmititu al diete jakintza ondorengo belaunaldiei?

Kasu batzuetan transmititu dela esango nuke, eta beste kasuetan, ikasi egin beharko dute. Jakintzari dagokionez, emakumeek rol berezia dute. Gizonek, oro har, joera handiagoa izan dute nekazaritzaren ekoizpen handietara jotzeko, hala nola basora, artzaintzara eta sagastietara. Baina ezagutza handiak behar ziren jardunak, batez ere, emakumeen esku egon dira. Horregatik diot uneotan emakumeek rol berezia dutela, haiek duten jakintza eta sena zabaldu dezaten.

Ekoizpen ekologikora itzultzeko mugimendua ere hazten ari al da?

Bai, zalantzarik gabe. Izan ere, ez dago beste aukerarik, eta kontrakoa esaten duenak badaki gezurretan ari dela. Gure ingurumena, edaten dugun ura edota arnasten dugun airea zaindu nahi baditugu, etorkizunak ekologikoa behar du izan. Gainera, ekoizpen ekologikoan gero eta zorrotzagoak izango dira arauak. Ekoizpen ekologikoari eutsi ezean, ospitaleak betetzen segituko dugu.

Joera horrek, ordea, ba al du islarik Euskal Herrian merkaturatzen diren produktuetan, ala soilik norbanakoen jardunera mugatzen da?

Euskal Herrian nabarmen igo da ekologikoki ekoiztutako produktuen merkaturatzea, eta joera hori are nabarmenagoa da nekazaritzak garrantzia duen lekuetan. Euskal Herrian, Nafarroa aipatuko nuke; lurralde horretan, nekazaritza ekologikoak duen garapena izugarria da. Izan ere, hori da merkatuak eskatzen duena, eta finean, zera da guztiok nahi duguna: elikadura osasunerako bitarteko bat izatea.

Baratzeen eta, oro har, landareen inguruan hainbat argibide eman ohi duzu. Herritarrengandik jasotzen dituzun mezuetatik, zein da gehien errepikatzen den kezka?

Baratzean arazoak dituztenean, bide naturalak erabiliz zer irtenbide eman galdetzen didate gehienek. Horrez gain, sasoiko elikagaien eta lanen inguruan galdetzen didate.

Horrenbeste mendeko jarduera baten inguruan, ezer berririk esaterik ba al dago?

Bai, noski. Garai batean, intuizioz egiten ziren baratzeko lanak, eta egun, lan horiek arrazoitzen dakigu, jakintza zientifikoa daukagulako. Horrek aurrerapauso handia eragin du baratzearen ustiapenerako oinarriak sendotzeko.

Intsinis pinua gaitzak jota dago, eta baserritar asko ezbaian daude eukaliptoaren eta beste zuhaitz batzuen artean. Zer irtenbide eman beharko litzaioke pinuaren arazoari?

Gizarteak behar duen horri erantzutean dago irtenbidea. Horretarako, erakundeek ikaragarrizko zeresana dute, eta alde guztiek pentsatu behar dute jendarte osoaren onurarako garrantzitsuena zer den. Mendiarekin lotura duten guztiek parte hartu behar dute eztabaida horretan, ez bakarrik basoak eta egurra interesatzen zaizkienek; guztiek erabaki behar dute nolako mendiak eduki nahi ditugun.

Izugarrizko etorkizuna dute mendiek, baina ikuspegi ireki bat izan behar dugu. Garai batean pinuekin egin zena orain eukaliptoekin egiten badugu, ergel hutsak izango gara eta zulo berean sartuko dugu hanka.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide