Kontsumo iraunkorra bultzatzeko hamaika iradokizun helarazi dizkiete Azkoitiko Udalari

Urola Kostako Hitza 2019ko maiatzaren 29a

Udal ordezkariak eta Eskola Agenda 21eko parte hartzaileak. (Azkoitiko Udala)

Eskola Agenda 21aren barruan, Azkoitiko Floreaga ikastetxeko, Azkoitia BHI eskolako eta Izarraitz Lanbide Heziketako ikasleak Azkoitiko udaletxean izan dira gaur goizean, eta ohi bezala, jasangarritasunari lotutako eta aurrez adostutako hamaika iradokizun eta kexa plazaratu dizkiete udal ordezkariei. Aurtengoan, Ekoizpen eta kontsumo iraunkorra gaia oinarri hartuta egin dute lanketa ikasleek, eta besteak beste, tokian tokiko produktuen, kontsumo arduratsuaren, elikadura osasungarriaren, poltsa berrerabilgarrien eta zuzeneko salmentaren garrantzia azpimarratu dute nerabeek.

Javier Zubizarreta alkateak eta Ana Azkoitia eta Miguel Angel Bastida zinegotziek entzun dituzte ikasleek proposamenak, eta Herrixen Azkoitiko merkatari elkarteko teknikari Sara Rodriguez eta Iraurgi Berritzeneko ordezkari Alazne Larrañaga ere gonbidatu dituzte saiora, haiek lan egiten duten sektoreak ikasleek landu duten gaiarekin lotura zuzena duelako. Herritarrek erosketak non egiten dituzten aztertu dute ikasleek, eta kontsumoan Internetek eta saltoki handiek duten eragina azpimarratu dute. Ekonomia zirkularra ere izan dute aztergai, eta hortik abiatuta, denda txikiak, azokak eta baserritarrak indartzeko proposamenak egin dituzte. Hain zuzen ere, bide horretan, honako hau esan die alkateak: "Kontsumoaren gizartean bizi gara. Horrek esan nahi du beharrak sortzen diugula ez dauden tokian. Mugikor modelo berriak ateratzen dituzte bata bestearen atzetik, eta oso ondo dago egin duzuen azterlan hau, baina bakoitzaren ardura da kontsumoaren gizarteak markatzen duen erritmoari ez jarraitzea".

Aurten, Izarraitz Lanbide Heziketak lehenengo aldiz parte hartu du Eskola Agenda 21en, eta eta udalarekin hitzarmena sinatu du egitasmora atxikitzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide