Julen Alberdi Txikia IV.a aizkolari azkoitiarra Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketaren finalera sailkatu zen joan den larunbatean, Bilbon. Ruben Saralegi aurkariak baino hiru minutu eta 23 segundo gutxiago behar izan zituen lanak amaitzeko; eta beraz, ekainaren 7an Azpeitian jokatuko den finalean izango da aizkolari azkoitiarra.
Mikel Larrañaga azpeitiarra eta Iker Vicente nafarra dira Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketako beste bi finalistak; Gasteizen eta Navaridasen (Araba) jokatutako bi finalaurrekoak irabazi zituzten, hurrenez hurren, eta horrenbestez, zuzenean sailkatu ziren txapela erabakiko duen saiora. Txikia IV.a eta Saralegi bigarren sailkatu ziren finalaurreko horietan, eta bien artean finalera zein sailkatuko zen erabakitzeko, elkarren aurka jokatu zuten buruz burukoa.
Era berean, Jon Unanue Goenatxo III.a harri-jasotzaile azkoitiarra ez da sailkatu Urrezko Binakako Harrijasotze Txapelketako finalera. Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketaren finalarekin batera jokatuko dute harri-jasotze finala ere, eta honako bikote hauek lehiatuko dira: Guzta-Goikoetxe, Eizmendi-Zelai III.a eta Galarraga-Eiza. Horiekin batera, Emakumeen Trontza Txapelketa eta 23 eta 19 urtez azpiko Banakako Aizkolari Txapelketak ere jokatuko dituzte. Izarraitz pilotalekuan izango dira lehiak, 22:00etan hasita.