Bihotzetik bihotzera dator Matadeixeren XXIII. urteurrena

Urola Kostako Hitza 2019ko maiatzaren 27a

Azkoitiko Matadeixek urtemuga ospatzeko askotariko ekintzak prestatu ditu ekainaren 2tik 29ra bitarterako. Gainera, Matadeiko kamisetaren diseinu lehiaketa antolatu dute; dagoeneko aurkez daitezke diseinuak.

Matadeixeren 22. urteurreneko bazkariko irudia. (Ainhoa Beristain)

Azkoitiko Matadeixeren XXIII. urtemuga ate joka da, eta Matadero Ekintzak taldekoek dagoeneko jakinarazi dute ospakizunetarako prestatu duten egitaraua. Igandean, ekainak 2, Bihotz salaria antzezlanarekin hasiko dituzte ekitaldiak, eta ekainaren 29an, urteurreneko festarekin amaituko dituzte. Miss Bihotza DJaren emanaldia izango da egun horretako azken saioa, eta beraz, antolatzaileen arabera, "bihotzetik bihotzera" dator aurtengo urteurrena.

Gainera, ospakizunen harira, urtemugako kamisetaren diseinu lehiaketa jarri dute martxan Matadeiko kideek. Urtero bezala, bazkari egunean –ekainak 29–, arratsaldez serigrafia saio bat egingo dute norberak ekarritako kamisetekin, poltsekin, telekin eta abarrekin. Horretarako baliatuko dute diseinu irabazlea.

Lau baldintza bete beharko dituzte lehiaketara aurkeztutako diseinuek: irudiak kolore bakarrean estanpatzeko modukoa izan beharko du; A4 neurria izan beharko du gutxi gorabehera, askoz handiagoa ez; XXXIII. urtemugari erreferentzia egin beharko dio, testu bidez, irudiz edo norberari bururatzen zaion moduan; eta ekainaren 21a baino lehen helbide honetara bidali beharko da: mataderoekintzak@gmail.com.

Irabazlearentzat hainbat sari izango da: batetik, urtean zehar saltzeko serigrafiatuko dituzten kamisetetan eta poltsetan irudi irabazlea erabiliko dute, eta irabazleari bakoitzetik bana emango zaio; bestetik, urtemugako bazkarira gonbidatuko dute; eta azkenik, hurrengo denboraldian eskainiko duten kontzertu baterako sarrera bikoitza oparituko diote.

Hona hemen urteurrenerako prestatu duten egitaraua:

  • Ekainak 2, igandea. Bihotz salataria antzezlana, 19:00etan, Matadeixen.
  • Ekainak 7, ostirala. Ezpalak eta Silence taldeen kontzertuak, 22:30ean.
  • Ekainak 15, larunbata.
    -11:00etatik 17:00etara. Tunipanea, lutheria esperimental tailerra.
    -22:30. Amsia eta Ultramiedo taldeen kontzertuak.
  • Ekainak 21, ostirala. Sostenipe Festie.
  • Ekainak 22, larunbata. Auzolana, 10:00etan.
  • Ekainak 23, igandea. Sue ta patatie, 22:00etan.
  • Ekainak 28, ostirala. O Ornitólogo harrotasunaren eguneko filma, 22:00etan.
  • Ekainak 29, larunbata.
    -
    12:00. Bizipoteue.
    -14:30. Bazkaria.
    -17:30. Serigrafia saioa.
    -20:30. Luntxa.
    -23:00. Miss Bihotza DJa.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide