Anaitasunak ia aukera guztiak agortu ditu Espainiako Hirugarren Mailara igotzeko

Urola Kostako Hitza 2019ko maiatzaren 27a

Larunbatean aukera garrantzitsua galdu zuen Anaitasunare gizonen talde nagusiak. Dena den, igoera fasea jokatuko du taldeak, nahiz eta zaila izan mailaz igotzea.

Anaitasuna eta Eibarren arteko partidåren une bat. (Anaitasuna)

Eskura izan du Anaitasuna futbol taldeko gizonezkoen talde nagusiak Espainiako Hirugarren Mailara itzultzeko aukera, baina azkenean ezin izan zuten lortu larunbatean mailaz igotzea. Sailkapeneko lehen postuan zen Eibarren aurka jokatu zuten norgehiagoka hango Unbe zelaian, eta markagailua 3-0 zela amaitu zuten bi taldeek partida. Hala, mailaz igotzeko aukera garrantzitsua galdu zuen Azkoitiko taldeak.

Eibarko taldea izan da Gipuzkoako Ohorezko Mailako sasoi honetako txapelduna, hark eskuratu baitu sailkapeneko lehen postua. Ordea, Eibarko taldeak ezin izango du mailaz igo, klubarekin lotura duen CD Vitoria Bigarren B mailatik Espainiako Hirugarren Mailara jaitsi delako eta araudiak ez duelako onartzen klub bereko bi talde maila berean lehiatzea, Anaitasunak adierazi duenez. Ondorioz, aurten Gipuzkoako Ohorezko Mailako bigarren sailkatuak izango du Hirugarren Mailara igotzeko jukera.

Postu horretan zen Anaitasuna, baina mailaz igotzeko bidean, Azkoitiko taldeak Tolosa izan du parez pare. Izan ere, Tolosa baino hiru puntu gehiagorekin zen Anaitasuna, eta Tolosak Añorgaren aurkako partida irabaziz gero, Anaitasunak gutxienez puntu bat lortu behar zuen. Ez zen halakorik gertatu, ordea, Tolosak mendean hartu baitzuen Añorga, eta beraz, hura igo da zuzenean Espainiako Hirugarren Mailara.

Esperantza izpi bat

Dena den, Anaitasunak ez ditu oraindik Hirugarren Mailara igotzeko aukera guztiak agortu. Izan ere, igoera fasea jokatuko du gizonen talde nagusiak, Agurain eta Iurretako taldeekin batera. Hala eta guztiz, baldintza zehatz batzuk bete beharko dira Anaitasuna mailaz igotzea posible izan dadin: batetik, Espainiako Hirugarren Mailatik Bigarren B mailara lau taldek igo beharko dute, eta bestetik, Anaitasunak gailendu beharko du Ohorezko Mailako igoera fasean. Era berean, jaitsiera postuetan den Real Union Bigarren B Mailatik Hirugarren Mailara jaisten bada, ezinezkoa izango da Azkoitiko taldearentzat mailaz igotzea.

 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide