EAJk irabazi ditu udal hauteskundeak Azkoitian, baina jeltzaleek orain arte zuten gehiengo osoa galdu egin dute. EAJ alderdiak 2.717 boto eskuratu ditu udal hauteskundeetan, botoen %46,09, eta 8 zinegotzi izango ditu, orain arte baino bat gutxiago. EH Bildu izan da bigarren indarra Azkoitian, eta koalizioak 2.194 boto eskuratu ditu (%37,22); horrenbestez, 7 ordezkari izango ditu udalean, orain arte baino bat gehiago. Atzetik, 465 botorekin, PSE-EE hirugarrena izan da hauteskundeetan; Azkoitia Baik, berriz, 369 boto lortu ditu. Bi indar horiek zinegotzi bana izango dute udalean.
Parte hartzeari dagokionez, erroldaren %70,07k eman du botoa. Gora egin du parte hartzeak, baina ez oso nabarmen; %70,08 izan zen parte hartzea 2015eko udal bozetan. 8.507 herritarrek zuten gaur boto eskubidea Azkoitian.
EAJren Azkoitiko zortzi hautetsiak, emaitzak jakin berritan. (EAJ)Foru bozetan ere, EAJ
Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hauteskundeetan ere EAJ nagusitu da Azkoitian. Hain zuzen ere, 2.684 boto jaso dituzte jeltzaleek (botoen %45,74). Bigarren indarra EH Bildu izan da, 2.199 boto eskuratuta (bozen %37,48). PSE-EEk 522 boto jaso ditu (%8,89), eta 274 Elkarrekin-Podemosek (%4,67). PPk, berriz, 145 boz eskuratu ditu.
2015eko datuekin alderatuz gero, EAJk boto batzuk gutxiago jaso ditu foru hauteskundeetan: 59 boz, hain zuzen ere. EH Bilduk, berriz, orain dela lau urte baino emaitza hobeak eskuratu ditu. Koalizioak 156 boz gehiago eskuratu ditu. PSE-EEk ere 104 boto gehiago eskuratu ditu; 2015ean 418 boto jaso zituen foru bozetan.
Boto zuriak 43 izan dira, eta baliogabeak, berriz, 70. Abstentzioa %30,06koa izan da, udal hauteskundeetan baino zertxobait handiagoa eta Europakoetan baino hamarren batzuk txikiagoa.
Europarako ere, EAJ
Europako hauteskundeetan ere EAJ izan da garaile Azkoitian, 2.465 boto eskuratuta (%41,82). EH Bilduk, berriz, ia 400 boto gutxiago eskuratu ditu; 2.081 boto, hain zuzen ere (%35,30). PSE-EEk 588 boto lortu ditu (%9,97), eta Elkarrekin Podemosek 377 (%6,40); PP alderdia izan da ondorengo bozkatuena, 107 botorekin; Vox alderdiak 39 boto lortu ditu, eta Ciudadanosek 25. 28 boto zuri izan dira, eta 54 baliogabe. Azkoitian %30,32ko abstentzioa izan da Europako bozetan.
EAJ eta EH Bildu "gustura"
Azkoitiko EAJ "oso gustura" agertu da udal hauteskundeetan jaso dituen emaitzekin, eta Zubizarretak gogoratu du EAJ izan dela "herritar gehienen konfiantza" jaso duen alderdia. Gehiengo absolutua galtzea, berriz, "aurreikuspenen barruan" zegoela adierazi du Zubizarretak. "Oso zaila zen orain arteko emaitzei eustea. Nahiago genukeen 2015eko emaitzak errepikatzea, baina errealistak izanda, gustura gaude izandako emaitzekin". , "Lankidetzarako" prest agertu dira jeltzaleek. "Laguntza behar izan dugunean, eskatu egin dugu, eta une horietan, PSE-EEren laguntza jaso dugu. Lankidetza horrek emaitza onak izan ditu, eta ez dugu arazorik bide horretan jarraitzeko".
Ainara Goenaga EH Bilduren zerrendaburuak, bere aldetik, azpimarratu du koalizioak ere "emaitza oso onak" izan dituela. Hautetsiak adierazi du "lan ona" egin duela koalizioak, eta orain arteko bidearekin jarraituko dutela gaineratu du.