Azkoitian, 8.507 herritar daude gaur deituta udal, foru eta Europako hauteskundeetan botoa emateko, eta eguerdira bitartean etengabea izan da herritarren joan-etorria herriko lau hauteslekuetan. Hautetsontziak zabaldu dituztenetik normaltasuna da nagusi hauteslekuetan, baina gora-behera batzuk sortu dira hainbat unetan; esaterako, herritar batek adierazi duenez, Gipuzkoako Foru Aldundirako Elkarrekin-Podemosen aldeko botoak falta ziren hautesleku batean.
Herritarrak ez ezik, alkategaiek ere eman dute botoa. EAJren zerrendaburu Javier Zubizarreta izan da goiztiarrena, eta hark 10:30erako eman du Xabier Munibe ikastolako hauteslekuan. Ainara Goenaga (EH Bildu), Jose Joakin Etxaniz (Azkoitia Bai) eta Janire Igoa (PSE-EE) alkategaiek, berriz, Torre Zuri erakustokian eman dute botoa.