Azkoitiko EH Bilduk emakumeen agerraldia egin zuen atzo, osteguna, herriko plazan. Han bildutakoek nabarmendu zuten jendartearen erdia direla emakumeak, baina ez direla "entzuten diren ahotsen erdia". "Horretarako gaude hemen, jendartearen erdia den emakumeon kolektiboari ahotsa jartzeko. Ahotsa kentzeaz gaiz, hil egiten gaituzte, erasotu, lan prekarioak egitera bultzatu, zaintza lanak egitera behartu... Azken finean, bigarren mailako pertsonak izatera kondenatu". Horrekin batera, gogora ekarri nahi izan zituzten hainbat emakumeren kasuak: "aurten Euskal Herrian emakume izateagatik hil dituztenak, lan baldintza duinak lortzeko borrokan ari diren emakumeak, ia esklabotza baldintzetan lan egiten duten emakumeak, kalean lasai ibili ezin duten emakumeak, dena atzean utzi eta etorkizun hobeago baten bila migratzera behartuak izan diren emakumeak, beren sexualitatea libreki bizitzeko aukerarik ez duten emakumeak, gune maskulinizatuetan egunero borrokan dabiltzan emakumeak...". Guztiak kate berak lotzen dituela azaldu zuten: "Sistema patriarkal batean jaio garen emakumeak izateak".
Emakumeen momentua iritsi dela nabarmendu zuten segidan. "Kate hori hausteko gaude hemen, jendartea eraldatzeko garaia iritsi delako". Hori lortzeko, "emakumeen ahotsa erakundeetara eramatea eta benetako politika feministak gauzatzea" beharrezkoa dela esan zuten. "Azken lau urte hauetan EAJren Udal Gobernuak bizkarra eman digu eta egoera horri buelta ematea gure eskuetan dago. Maiatzaren 26an boto morez bete behar ditugu hautetsontziak, feministon ahotsa eraman ahal izateko Azkoitiko, Gipuzkoako eta Europako instituzioetara. Subjektu aktiboak garelako, orain eta hemen etorkizun hobeago bat amesten dugulako, kolorez jositako herrian bizi nahi dugulako. Hori guztia lortzeko aukera bakarra EH Bildu da, guztion arteko berdintasunaren bidean politika eraldatzaile eta feministak aurrera eramateko bermea delako. Euskal Herri feminista, anitz eta koloretsua lortzeko, emakumeok EH Bildu!", adierazi zuten.