Azkoitiko Pelotai Eunean parte hartzen ari diren neskek gutuna bidali dute gaur, osteguna, Maxixatzen herri aldizkarira, txapelketako mutilek beren Whatsapp taldean idatzitako neskenganako irainen ondorioz sortu den zalaparta dela eta. Gertatutakoaren aurrean, emakume pilotariek "desadostasuna" agertu dute informazioa "helarazteko eta erabiltzeko" modua dela eta. Dena den, Whatsapp taldean zabaldutako mezuekin "minduta, irainduta eta zeharo zapalduta" sentitu direla adierazi dute. Hala eta guztiz, ekainaren 8an Pelotai Eune egitea erabaki dute, eta antolakuntzak gizonen txapelketa bertan behera utzi badute ere, emakumeenarekin aurrera segituko dute.
Honako hau da Maxixatzen herri aldizkarira emakume pilotariek bidali duten gutuna:
"Pelotai Eunin parte hartzen ari garen emakume taldea gara. Azken asteetako gertakizunen harira sortu den iskanbilari buruz gure ikuspuntua adierazi nahi dugu, orain arte hainbat komunikabideetan ikusi duguna ez delako guk bizi izan duguna. Gainera, ez gaude ados informazioa helarazteko eta erabiltzeko moduarekin; adibidez, inplikatuon intimitatea ez delako kontuan hartu.
Bagenekien zenbait komentario matxista zirela medio, herriko jendea horren inguruan eztabaidan zebilela. Whatsappeko iruzkinen argazkiak ikusi genituenean erabat minduta, irainduta, zeharo zapalduta sentitu ginen.
Une horretan, geure artean hitz egin eta taldeko denok garbi ikusi genuen erantzun bat eman behar genuela, egoeraren larritasunagatik. Gure ikuspuntutik, hain larriak diren eta gizartean hain barneratuta dauden 'bromak' egitea bezain larria da horri momentuan inork erantzun ez izana; gutxi gorabehera, taldean 80 mutil inguru zeudela jakinda (...)".
Gutun osoa Maxixatzen.eus atarian irakur daiteke.