Bigarren postua bermatzeko azken aukera izango du Anaitasunak larunbatean

Urola Kostako Hitza 2019ko maiatzaren 23a

Azkoitiko Anaitasuna futbol klubeko Ohorezko Mailako taldeak ligako azken neurketa jokatuko du larunbatean, Eibar B-ren aurka, Unbe futbol zelaian. 17:30ean hasiko da neurketa, eta puntu bakarra nahikoa izango du taldeak bigarren postua ziurtatzeko. Bigarren amaituz gero, aukerak izan ditzake taldeak mailaz igotzeko.

Joan den astean Anaitasunak Aretxabaletaren aurka jokatutako partidako irudia. (Maialen Arzallus)

Azkoitiko Anaitasuna futbol klubeko gizonen talde nagusiak partida garrantzitsua jokatuko du asteburuan. Ligako azken neurketa jokatuko du, eta bigarren postua bermatzeko azken aukera izango du jardunaldi horretan. Larunbatean, maiatzak 25, jokatuko dute neurketa, Eibar B taldearen aurka, Eibarko Unbe futbol zelaian, 17:30ean hasita. 

Anaitasuna Ohorezko Mailan dago egun, eta aukerak izan ditzake Espainiako Hirugarren Mailara igotzeko. Berez, ligan aurrena amaitzen duen taldea igo ohi da maila horretara, eta Eibar B-k lortu du lehen postuan sailkatzea. Dena den, Eibarrekin akordioa duen talde bat, Vitoria, Espainiako Bigarren B Mailatik Hirugarren Mailara jaitsi da, eta hori dela eta, gerta daiteke Eibar B mailaz ezin igo ahal izatea. Horregatik, Azkoitiko taldeak bigarren postua bermatu nahi du, lehen sailkatua Hirugarren Mailara igoko ez balitz, Anaitasuna igoko litzatekeelako. Dena den, klubak "zuhurtziaz" jokatu nahi du. Horregatik, Anaitasunako gizonek larunbatean bigarren postua ziurtatzen badute ere, ez da harrera ekitaldirik egingo Azkoitian. 

Sailkapeneko bigarren postua ziurtatzeko, puntu bakarra nahikoa izango du Anaitasunak; hau da, berdinketarekin edo partida irabazita, ziur bermatuko du postu hori. Dena den, Tolosa sailkapenaren hirugarren postuan da, Anaitasuna baino hiru puntu gutxiagorekin, eta beraz, Tolosak irabaziko ez balu, partida galduta ere bigarren postuan amaituko luke Anaitasunak. Beraz, gauzak oso oker joaten ez badira, aukerak izan ditzake Anaitasunak helburua lortzeko.

Larunbateko partidaren garrantzia tarteko, klubak autobusak antolatu ditu Eibarrera. Anaitasunak adierazi duenez, autobusa bi ordutan jartzeko asmoa dute; 12:00etan eta 16:30ean. Dena den, izena ematen duten herritarren kopuruaren arabera antolatuko dute garraio zerbitzua, eta horretarako epea jarri dute. Zaleek gaurko –osteguna– 21:00ak bitartean eman dezakete izena, Dean, Latz eta Takun tabernetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide