Azkoitiko gazteek EH Bildurekin bat egiteko argazkia atera zuten atzo arratsaldean. Hainbat lagun elkartu ziren Goiko Losa pilotalekuan, eta herriko gazte guztiei dei egin zieten igandeko hauteskundeetan hautetsontziak boto "errebeldez, feministaz, antikapitalistaz eta antifaxistaz" bete ditzaten.
Gazteek adierazi zuten beraiek erabaki nahi dutela euren etorkizuna, eta ildo horretan, EAJren jarrera kritikatu zuten: "Gazteri pasibo eta sumiso bat da azken lau urteetako EAJren Udal Gobenuak nahi lukeena, orain arte bezala guri dagozkigun erabakiak beraiek hartzen jarraitzeko, nola ez, gure kaltetan. Baina gazteok lanean ari gara".
Prekarietatea gainditzea, lan baldintza duinak edukitzea eta gazteen beharrei erantzungo dien etxebizitza politika izatea eskatu zuten han bildutakoek, eta berretsi zuten "parte aktibo" izan nahi dute herrigintzan, honako balio hauek lantzeko. "Feminista izango den herri bat eraikitzeko. Ingurumena kontuan hartzen duen herri bat defendatzeko. Euskaraz bizitzen jarraitu nahi dugulako. Preso eta iheslaririk gabeko herri bat amesten dugulako eta Euskal Errepublikan sinesten dugulako. Gazteok batu eta elkarrekin lan egiteko, harremantzeko, borrokatzeko, eragiteko, ikasi eta irakasteko guneak sortu behar ditugu. Kalera irten behar dugu gazteok, mobilizatu, aldarrikatuz eta, geure ideiak defendatuz, geure aukera zein den argi erakutsi".