Pelotai Eune egitea erabaki dute haren antolatzaileek eta txapelketan parte hartzen ari diren emakumeek

Urola Kostako Hitza 2019ko maiatzaren 22a

Gizonen txapelketa bertan behera utzi badute ere, ekainaren 8an, larunbatez, ospatuko dute eguna. Emakumeek erabaki dute beren txapelketarekin aurrera jarraitzea.

A.A / Azkoitiko kontzejupea

Pelotai Eune egitea erabaki dute Txulue taldeko kideek nahiz emakumeen pilota txapelketan parte hartzen ari diren lagunek, eta horrenbestez, gizonen txapelketa bertan behera utzi badute ere, ekainaren 8an, larunbatez, ospatuko dute eguna.

Egunotan hautsak harrotu dituzte gizonen txapelketako kideen Whatsapp taldean zenbait lagunek idatzitako mezuek; izan ere, txapelketan parte hartzen ari diren emakumeenganako hainbat irain irakur zitezkeen talde horretako elkarrizketetan. Txulue taldeak atzo UROLA KOSTAKO HITZAri jakinarazi zionez, nesken esku utzi zuten haiek beren txapelketarekin aurrera egin edo ez erabakitzea, eta horiek txapelketarekin jarraitzea erabaki dute. Beraz, neskek txapelketa jokatu egingo dute. Mutilena, berriz, bertan behera uztea erabaki du Pelotai Euneren antolakuntza taldeak.

Txulue taldeak barkamena eskatu du gertaeraren aurrean "behar bezalako erantzun azkarra" ez duelako eman, eta taldeak azpimarratu du berdintasuna sustatzeko lanean "irmo" jarraituko duela, azken urteetan bezala. Ez da antolakuntza taldea izan barkamena eskatu duen bakarra. Hain zuzen ere, gizonen txapelketako taldean ere idatzi dituzte barkamen mezuak. Horietako batean irakur daitekeenez, mezuak gaizki esanda daudela aitortzen du taldeko kide batek, baina gaineratu du intentzio txarrik gabe egindakoak direla iruzkinak.

EH Bilduren "gaitzespen" mezua

Azkoitiko EH Bilduk gertatutakoa salatzeko oharra kaleratu du. Koalizioak jakinarazi duenez, horrelako mezuak ez ditu "inon" onartzen, eta horregatik, gertatutakoaren aurrean "gaitzespena" adierazi du.

 

 
 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide