Azkoitiko Pelotai Euneko mutilen txapelketako Whatsapp taldean idatzi dituzten emakumeen aurkako irainak direla eta, izugarrizko zurrunbiloa sortu da. Antolakuntzak gizonen txapelketa bertan behera uztea erabaki du, eta Azkoitiko EH Bilduk gertatutakoa salatzeko oharra kaleratu du. Koalizioak ohar bidez jakinarazi duenez, horrelako mezuak ez ditu "inon" onartzen, eta horregatik, "gaitzespena" adierazi du.
Aldi berean, Pelotai Euneko txapelketan parte hartzen ari diren emakumeei "babesa" agertu die EH Bilduk: "Ez da erraza horrelako esparru maskulino batera salto egitea, eta eman duten pausoa txalogarria da". Gainera, EH Bilduk salatu du koalizioarekin lotu nahi izan dituztela Whatsapp taldeko mezu iraingarriak: "Mezu horiek idatzi dituzten pertsonek ez dute inongo loturarik EH Bildurekin. Horren atzean intentzionalitate politikoa dago, eta hori onartezina da". Izan ere, EH Bilduk berdintasunarekiko konpromiso serioa duela adierazi du.