Urola Kostako tokiko hedabideek datozen udal hauteskundeetarako eskualdean aurkeztu diren zerrendaburuekin antolatu dituzten mahai inguruen azken aurreko saioa izan zen atzo –gaur Zarautzen izango da–. Azkoitiko alkategaiek eman zioten amaiera eztabaida zikloari, eta Ainara Goenaga EH Bilduren hautagaiak eta Jose Joakin Etxaniz Azkoitia Bai herri plataformarenak hamaika gairen inguruan dituzten proiektuak eta ikuspegiak azaltzeko aukera izan zuten herritarren aurrean. Javier Zubizarreta EAJren alkategaiak eta Janire Igora PSE-EEren zerrendaburuak mahai inguruan ez parte hartzea erabaki zuten, antolatzaileen gonbidapena jaso bazuten ere.
Hain zuzen ere, Azkoitiko Udalbatza osatzen duten lau alderdietatik soilik erdiak parte hartzeak eragina izan zuen udal bozetarako mahai inguruan, eta apenas sortu zen eztabaidarik hautagaien artean. Giro lasaia eta gertukoa nagusitu zen saioan, eta zerrendaburuek beraien proiektuen berri emateko nahiz azken agintaldiari errepasoa emateko aprobetxatu zuten tartea, hirigintza, ekonomia, politika orokorra, kirola, kultura eta ingurumena ardatz hartuta. Hainbat gairen inguruan, gainera, ados azaldu ziren bi taldeak, eta besteak beste, biek berretsi zuten Azkoitiko Udalak "ezinbestekoa" duela berdintasun teknikaria edukitzea.
Udalaren agenda politikoan dauden gaien galderei erantzunez, besteak beste, San Jose egoitzaren afera izan zuten hizpide. Etxanizek gogoratu zuen aldundiaren eskumena dela adinekoen egoitza, baina ezinbestekotzat jo zuen erakunde horri "lata" ematea hark Azkoitiko egoera kontuan izan dezan. Bien bitartean, ordea, adierazi zuen egoiliarrek Santa Klarako belardiak aprobetxa ditzaketela eguna igarotzeko. Goenaga ere bat etorri zen egoitza bere osotasunean herrira gerturatzea "zaila" izango dela esaterakoan, baina "zatika" bada ere, herrira hurbiltzeko pausoak emango dituela agindu zuen.
Floreagako irisgarritasunaren inguruan, Goenagak gogoratu zuen EH Bilduren aurreko agintaldian Udal Gobernuak auzoan igogailua jartzeko proiektua landu zuela. Udalak, egun, bost fasetan du aurreikusita hango irisgarritasuna bermatzeko lanak gauzatzea, eta hainbat igogailu jartzea proposatu du. Hain zuzen ere, Azkoitiko EH Bilduk lehenetsi du laugarren fasean egitekoak diren igogailua aurrena gauzatzea; Azkoitia Baik, berriz, lanak auzoaren behealdetik hasi eta goraka egitea hobetsi zuen.
Biek ala biek gaitzetsi zuten azken agintaldian EAJk alkatetzan izan duen gehiengo osoa eta jeltzaleek izan duten kudeaketa eredua, eta udal taldeen artean akordioak lortzeari eta elkarlanari garrantzia eman zioten. Ildo horretan, Azkoitia Bairen ustez, herritar gehienen botoak lortu dituzten alderdiek egin behar dituzte akordioak; EH Bildu, berriz, prest agertu zen Azkoitia Bairekin akordioak egiteko.
Erlo Telebistak argitaratutako honako bideo honetan ikus daiteke mahai ingurua, osorik: