Nola baloratuko zenuke azken lau urteetako agintaldia?
Azken agintaldia oso txarra izan da, EAJk gehiengo osoa izan baitu udalean, eta hori saihestu behar dugu datorren agintaldian. Herritarron erabakiak alderdi bakar batek hartzea debekatu egingo nuke nik; gutxienez, erabakiak bi alderdik hartu beharko lituzkete. Gehiengo osoa izateak aukera ematen dio alderdi bati nahi duena egiteko, eta gure iritzia entzun bai, baina proposamenak ez dituzte aintzat hartu bukatu berri den aginaldi honetan. EAJk herri erdi bat du bere alde, baina beste erdia ez du kontuan hartu erabakiak hartzerako orduan.
Ordezkari bat duzue udalean. Datozen udal hauteskundeetan gehiago izateko esperantza al duzue?
Datorren agintaldian ordezkari gehiago izatea zaila ikusten dugu, baina udalean bigarren zinegotzi bat izatea oso ondo legoke, bestela lan ia dena nik egin behar izaten baitut. Horrez gain, erabakietan eragin ahal izateko ere garrantzitsua da bigarren zinegotzia izatea; halere, boto emaileek erabakiko dute zer nahi duten.
Zergatik erabaki duzu alkategai bezala errepikatzea?
Norbaitek aurkeztu behar zuelako. Azkoitian bizpahiru alderdi politiko daude goitik aginduak jasotzen dituztenak; beraiek independenteak direla esan arren, ezin dute hala izan, alderdi bat ordezkatzen baitute. Guk herritarrekin bilerak egiten ditugu, eta bilera horiek irekiak dira. Irabazi koalizioarekin aurkeztu ginen aurreko hauteskundeetan, eta hauetan ere bai, bestela 500 sinadura bildu beharko genituzke aurkeztu ahal izateko, eta hori Azkoitian oso neketsua da. Baina guk geuk hartzen ditugu erabakiak, eta oso garrantzitsua iruditzen zaigu independenteak izaten jarraitzea.
Zein dira Azkoitia Bai plataformaren proiektu nagusiak?
Lehentasun handiena duen proiektua Floreagako igogailuena da. Udala proiektua egitekoa zen, alderdi guztiok aho batez baiezkoa eman baigenuen. Egun batetik bestera, ordea, proiektua aldatu egin zen, galdeketa bat egin zuten auzoan eta igogailua baino autobus zerbitzua hobetzea egokiago ikusten zela zioen galdeketaren emaitzak; Udal Gobernuko kideek behintzat hala esan ziguten. Auzotarrek hala nahi badute, gu ere ados, ez dugu eragozpenik jarriko. Hala ere, orain beste herri plataforma bat sortu da Floreagan, eta ikusi dugu igogailuen proiektua alde batera uztea agian ez zela erabaki ona izan; auzotarrek zuten arazoa konpondu beharrean, egoera okertu egin da. Beraz, gure lehentasuna eta berehala martxan jarri beharrekoa da Floreagako igogailuena.
Alkatetza lortuko bazenute, zer aldatuko zenukete herrian?
Azken bi agintaldietan, lehenengo Bildurekin eta gero EAJrekin, guk ez dugu aldaketa handirik sumatu udalaren kudeaketan. Gauza asko eta asko, derrigor egin beharrekoak dira; lan horiek era batera edo bestera egin daitezke, baina ez da egon horrenbesteko alderik batzuen eta besteen artean. Guk garrantzia askoz handiagoa ematen diogu herritarren parte hartzeari, hau da, herriko eragileak ondo zaintzeari; dirua haiek ere kudeatu dezaten nahi dugu, diruari etekin gehiago atera baitiezaiokete herritarrek. Herria eragileek egiten dute eta egin behar dute.
Zein dira Azkoitiak dituen behar nagusiak?
Adineko jende gero eta gehiago dago Azkoitian, eta pentsiodunen gaia garrantzitsua iruditzen zaigu. Ez dugu uste estatuak pentsiodunei ordaindu beharreko diru guztia udalak ordaindu behar duenik, baina ez dugu gaizki ikusten udalak pentsiodunei gutxieneko laguntza bat behintzat bermatzea.
Zein alderdirekin osatuko zenukete Udal Gobernua, ez baduzue gobernatzeko gehiengorik?
Azkoitia Baik udalean gehiengo osoa izango balu, beste taldeekin hartuko lituzke erabakiak, hori argi dut. Herriak bozkatu ondoren, D’Hont sistema kontuan hartuta udaleko karguak alderdien artean banatuko genituzke, alderdi bozkatuenetik hasita; egia da modu horretara gu galtzen aterako ginatekeela, baina herriak hala bozkatu baldin badu, karguak alderdien artean banatzea da egokiena. Nik uste dut edozein alderdik egingo duela herria hobetzeko lan. Dena den, gure botoak erabakigarriak izango balira Udal Gobernua osatzerako orduan, ez dakit zer egingo genukeen, lantaldean hitz egin beharko genuke erabakia hartzeko. Gure plataformak defendatzen dituen proiektuekin bat datorren alderdiaren alde bozkatuko genuke.
Zergatik bozkatu behar dute azkoitiarrek Azkoitia Bai?
Talde independentea gara, ez dugu besteen eraginik. Alderdi baten eta bestearen arteko lotura garela uste dugu. EAJk eta EH Bilduk nahiago dute batak bestearen okerra, herriari laguntzea baino, eta hori agintaldi honen hasieran argi gelditu zitzaidan. Egoera hori saihesteko gai den talde bakarra da Azkoitia Bai, herriaren esanetara dagoen plataforma baikara