Nolatan alkategai?
Zinegotzi izan naizen urteotan ikusi dut udalak nola funtzionatzen duen, baina ez dugu aukerarik izan ezer egiteko. EAJk gehiengo osoa du udalean, eta horrek ez digu lanerako aukerarik utzi. Herriagatik gauzak egiteko gogoak eta ilusioak bultzatu nau alkategai aurkeztera.
Duela lau urte kolpe handia jaso zuen EH Bilduk Azkoitian, alkatetza galduta. Aurten horri buelta ematea espero al duzue?
Azken hauteskundeetan, zortzi zinegotzi izatetik sei izatera igaro ginen, eta EAJk gehiengo osoa lortu zuen. Oraingo honetan, irabaztera goaz; izan ere, Udal Gobernuan lan on bat egiteko moduko taldea eta herri programa osatu ditugu. Gutxienez, gehiengo osoa kendu nahi diogu EAJri udalean, alderdi batek gehiengo osoa izatea herriarentzat ez baita ona. Kasu horretan, talde poilitiko batek bere programa eta bere proiektuak gara ditzake, beste taldeekin adostu gabe, eta gehiengo osoa ez izateak beste taldeekin hitz egitera derrigortzen zaitu, herriari begira jartzera behartzen zaitu.
Gehiengo oso horrek baldintzatu al du azken agintaldia?
Bai, asko. Ez digute ezertarako aukerarik eman. Gure proiektuak eta gure proposamenak aurkezten genituen, baina hasieratik ikusten genuen ez zegoela ezer egiterik. Eta, hala ere, jarraitu egin dugu lanean eta gauza berriak proposatzen.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan EH Bilduk gorakada izan zuen Azkoitian. Horrek esperantza piztu al dizue?
Bai, datuak-eta begiratzen aritu gara, eta uste dut EH Bildu goraka doala pixkanaka. Espainiako hauteskundeetan izan den gorakada ikusita, iruditzen zaigu udalekoetan ere joera hori manten daitekeela. Horrek motibatu egiten nau; ea zer irteten den.
Zure hautagaitza aurkeztu zenean, aipatu zenuen "beste balio batzuetan oinarritutako proiektu herritar bat" eraiki nahi duzuela. Zeintzuk dira balio horiek?
Balioetako bat da herritarren parte hartzea; hori oso garrantzitsua iruditzen zaigu. Gauza txikietan eta denean ezin da parte hartzea sustatu, baina herriarentzat garrantzitsuak diren proiektuetan jendeak parte hartu behar du; haiek esan behar dute zer nahi duten eta zer ez. Beste oinarrietako bat berdintasuna da. Lehen, berdintasun teknikaria genuen udalean, eta amaitzear den agintaldian gabe gelditu gara. Berdintasun plana eginda dago, baina plan hori aurrera eramateko pertsonarik ez dago. Horregatik, uste dugu berdintasun teknikaria behar dela. Horrez gain, jendeak ikustea nahi dugu udala ez dela hor dagoen instituzio bat, beraien arazoak eta kezkak konpontzeko instrumentu bat dela baizik, ateak zabalik dituena.
Azken lau urteotan ez al da sustatu parte hartzerik?
Ez. EH Bilduko kideok proposamenekin joan garenean, –parke estaliaren kasuan, esaterako, herri galdeketa bat egitea nahi genuen–, zera esaten ziguten EAJko ordezkariek: "Herritarrek azken hauteskundeetan erabaki zuen botoa guri ematea, orduan parte hartu zuten, eta guk hori hartzen dugu kontuan". Horretan itxi dira. Batzuek botoa eman diete, baina besteek ez, eta herria denek osatzen dute.
Zeintzuk dira proposatzen dituzuen proiektu nagusiak?
Batetik, irisgarritasuna hobetzeko lan egingo dugu: irisgarritasun plan orokorra egingo dugu; Floreagan, laugarren faseko igogailua egingo dugu, eta gero, beste atalekin jarraituko dugu; San Martin auzoan, igogailua, arrapalak edo behar diren elementuak jarriko ditugu; Santa Klaran, espaloia zabalduko dugu; eta Plaza Berria pixka bat egokituko dugu. Kirolari eta aisialdiari dagokionez, Elkargunea publiko egin nahi dugu. Gainera, bertako instalakuntzak txiki geratu direnez, arazo horiei konponbidea eman beharko zaie, eta Kirol Mahaia ere sortuko dugu. Horrez gain, Xabier Munibeko parkea estali eta herritar guztientzako jolasgunea eta kirolgunea jarriko dugu han; izan ere, orain parke estalia dagoen lekua ez da segurua eta dimentsioak ez dira arazoak konpontzeko modukoak. Bestalde, Trenbidearen Zumardian ur parkea eraikiko dugu.
Herritarren "bizi baldintza duinak" bermatu beharra ere aipatu duzue programan.
Bai, hori ere garrantzitsua da. Batetik, pentsiodunentzako dirulaguntzak jarriko ditugu, baita merkatariei alokairua ordaintzen laguntzekoak ere. Gainera, gazteei zuzendutako alokairurako dirulaguntzetan 35 urteko muga kenduko dugu, eta zaharren egoitza kalera jaisteko lehen pausoak emango ditugu. Kultur arloan pauso batzuk ematea ere beharrezkoa da. Azkoitian ez dago kultura asko landuta, baina sortzaile eta talde eragile asko daude herrian, eta kultur plan orokor bat egitea nahi dugu, talde horiek identifikatzeko eta beraien lana sustatzeko. Horretaz aparte, auzoetako bideak berrituko ditugu, Wifinet ere jarriko dugu zenbait lekutan, eta baserrietan ustiategiak eraikitzeko erraztasunak emango ditugu. Gainera, lehen sektorea sustatzeko, larunbatetako azoka plazara eramango dugu.
Zergatik eman behar zaio botoa EH Bilduri?
Batetik, herritarrek osatutako programa duelako, bilerak egin baitutugu beraiekin; eta bestetik, daukagun lantaldeagatik: bakoitzak bere arloan esperientzia du, adin desberdinetakoak gara eta aniztasun handia dugu.
Zerk bereizten du EH Bildu Azkoitiko beste alderdiengandik?
Egungo Udal Gobernuaren funtzionamendua eta gurea oso ezberdinak izango dira. EAJk arlo batzuei ez die garrantzirik eman, adibidez, kulturari eta kirolari, eta guk emango diegu. Bestalde, gure taldea beste alderdiekin proposamenak eta proiektuak adosteko prest egongo da, baina egungo Udal Gobernua itxita dago. Guk ez dugu nahi horrela funtzionatzerik. EAJren taldekide gehienak lehengo berak dira; beraz, ez dut uste gauzak asko aldatzeko asmorik dutenik, eta hori herri batentzat ez da ona.