Javier Zubizarreta: "Gauza asko dago egiteko herrian, baina guztiak egingo ditugu"

Ane Olaizola 2019ko maiatzaren 21a

Javier Zubizarreta alkatea (Azkoitia, 1955) bigarrenez aurkeztu da EAJren Azkoitiko zerrendaburu, intependente gisa.

Javier Zubizarreta. (Ane Olaizola)

Zergatik aurkeztu zara berriz alkategai?

Ikusi dugu lau urte ez direla nahikoak esku artean ditugun proiektuak aurrera eramateko. Izan ere, proiektu batzuk bideratuta ditugu, eta horiei bukaera eman nahi genieke. Bigarren agintaldi bat behar dugu gure lanarekin gustura geratzeko.

Lau urteotako zer balantze egiten duzu?

Duela lau urte esan nuen moduan, herriak baloratuko gaitu, baina iruditzen zait talde ona izan dugula eta egin dugun lana ere halakoa izan dela. Egin dugun gauza asko, gainera, herritarrek ikusten ez dituztenak dira. Halere, kanpora begirako lan ugari egin dugu, alor guztietan, gainera: parke guztiak homologatu ditugu, haurreskolan aterpea eraiki dugu, kirol azpiegiturak hobetu ditugu, Lanbide Eskolan ikastaroak jarri ditugu martxan, Hizkuntza Eskola Ofiziala ere abian da, Hurkoa fundazioaren bulegoa zabaldu dugu... Enpleguari dagokionez, lau urteotan 36,26 puntu jaitsi da langabezia tasa. Iraurgi Berritzenekin izan dugun hartu-eman onaren emaitza izan da jaitsiera.

Zer dira zuen lehentasunak datorren agintaldiari begira?

Orain arte bezala, alor guztietan egingo dugu lan, eta esaterako, Gizarte Zerbitzuak indartzen jarraituko dugu. Horrez gain, igerilekua handitzeko lan egingo dugu, baina horretarako, proiektuaren bideragarritasuna aztertu behar da. Plaza Berria eraberritzeko proiektuaren partida ere onartuta dago, eta parte hartze prozesu baten bidez nahiko genuke hori gauzatzea, herriak aukeratu dezan nolako Plaza Berria nahi duen. San Martinen eta Floreagan, berriz, irisgarritasun arazoak dituzte, eta azken horren proiektuaren bi faseen partidak dagoeneko onartuta daude. San Martinen, berriz, azterketa bat egingo dugu.
Bestalde, gero eta neska-mutil gehiagok jokatzen dute futbolean Txerloian, eta hango azpiegiturak txiki geratu dira. Beraz, aztertuko dugu arazo horri zer irtenbide eman. Gauza asko dago egiteko; guztiak egingo ditugu.

Aurreikusitako proiekturik zintzilik geratu al zaizue?

Zumarragarako errepidea berritzea, esaterako. Aurten hasiko dira lanekin, eta hiru zatitan egingo ditugu horiek. Luze joko dute lan horiek, baina hasten diren obrak amaitu egiten dira. Horrez gain, San Jose egoitzaren gaia ere mahai gainean dugu. Egoitza herrira gerturatzeko ari dira eskatzen herritarrak, eta guk ere nahi dugu hura gertu edukitzea. Baina adi egon behar dugu horretarako aukerak noiz sortzen diren, eta sortzen direnean, eskua altxatuko dugu. Bien bitartean, egoitza gertuago izateko moduak bilatuko ditugu, besteak beste, egoiliarrentzako furgonetari probetxu handiagoa aterata eta garraioari zerbitzu pertsonalizatua emanda. Horrez gain, Ugarte Igarako igerilekuen paretik egoitzara igogailua jartzea ez legoke gaizki.

Agintaldi hasieran esan zenuen istilu gutxiagorekin gobernatu nahiko zenukeela, baina agerian geratu dira udala osatzen duzuenon arteko desadostasunak, besteak beste, parke estaliaren eta asteburuetako autobus geltokiaren inguruan.

Buruan dut agintea hartu nuenean esan nuela herria maite nuela eta elkarrekin gaudenean hori antzeman egin behar dela. Zoritxarrez, ordea, ikusi dugu talde batzuek ez dutela konpromiso hori. Gauza bat da besteekin ados ez egotea, eta bestea da ekarpenik ez egin eta gainera gainontzekoak gaizki uztea. Parke estaliaren kasuan, gure iritziz egin den lekua da aproposena, eta inkesta batean ere hala esan zuten herritarrek. Autobusari dagokionez, aldundiak jakinarazi zigun linea hori larunbat iluntzeetan kendu egin behar zutela; erabakia hartuta zuten. Ez dakit kasualitatea izango den, baina koma etilikoen kasuak asko jaitsi dira ordutik herrian.

Oro har, talde irekia izan gara eta beti egon gara hitz egiteko prest. Norbaiten laguntza behar badugu, gainera, eskatu egiten dugu. Esaterako, PSE-EEko zinegotzi Janire Igoarekin hartu-eman ona izan dugu, eta hark asko lagundu digu aldundian eta jaurlaritzan alderdi horren esku dauden sailetara jo behar izan dugunean. Uste dut horrek izan behar duela bidea, eta elkarri lagundu behar diogula.

Eragile askok sinadura bilketak hasi dituzte, besteak beste, San Jose egoitza kalera gerturatzea, igerilekuak handitzea edo Floreagako irisgarritasuna hobetzea eskatuz. Herritarrak udalaren makulu izan al dira?
Batzuek egoera aprobetxatzen dute herria udal gobernuaren lan faltagatik ari dela mugitzen esateko, baina hori ez da hala. Garai batean, herritarrek txapela kendu behar izaten zuten alkatearen bulegora sartzean, baina orain, udalak hobeto hartzen ditu herritarrak, eta belaunaldi berriek errazago jotzen dute hara. Sinadurak biltzeak ez du esan nahi udalarekin ez daudela ados, baizik eta dagoen eskaerari babesa ematen diotela. Ondo iruditzen zaizkigu sinadura bilketak, eta ez dugu lotsarik horiek lagin bezala erabiltzeko. Esaterako, Instalazio Duinak Orain taldekoek ondo garatutako proiektu bat garatu zuten, eta horrek guri ikaragarri lagundu digu. Guk proiektu horretan sinesten dugu, eta lanketa horrek babesa eman digu erakundeetara joaterako orduan. Elkarlanean egin behar dugu bidea.

Nola aurreikusten dituzu datozen hauteskundeak?

Betekada dugu horrenbeste hauteskunderekin, baina ikusten dut herrian datozen udal bozetarako giroa badagoela. Espero dut parte hartzea altua izango dela. Izan ere, zenbat eta parte hartze altuagoa izan, orduan eta emaitza errealagoak izaten dira. Abstentzio altuak zer pentsatua ematen dio agintariari.

Herritarrek zergatik bozkatu behar diote EAJri?

Lan ona egin dugulako, hitzetatik ekintzetara pasatu garelako eta lantalde txukuna dugulako. Agindutakoa betetzen dugu, eta bihotzetik, buruarekin eta Azkoitia asko maite dugulako egingo dugu herrigintzaren alde.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide