Azkoitiko Peña Elorza txirrindulari elkarteak eta udalak antolatuta, Antton Oñederraren Omenezko Lasterketa jokatuko dute datorren larunbatean, hilaren 25ean, Azkoitiko Oñartxo industrigunean. Eskolarteko txirrindularitza denboraldiaren barruan jokatuko dute proba 16:30etik aurrera, eta kimu eta infantil mailetako txirrindulariek parte hartuko dute han.
Kimuek eta infantilek urtero jokatzen dute lasterketa Azkoitian, baina iaz Antton Oñederraren Omenezko Lasterketa izena hartu zuen probak. Izan ere, elkarte horretarako arduraduna zena iazko apirilean hil zen, eta hura oroitzeko asmoz aldatu zioten antolatzaileek izena lasterketari.