Eibarko partida ikusteko autobusa antolatu du Anaitasuna futbol klubak

Urola Kostako Hitza 2019ko maiatzaren 20a

Hirugarren Mailara igotzeko txartela du jokoan Azkoitiko gizonen talde nagusiak, eta partidaren garrantzia dela eta antolatu du klubak autobusa. Zaleek ostegun gauerako eman beharko dute izena, herriko hainbat tabernetan.

Datorren denboraldian Hirugarren Mailan lehiatu ahal izateko txartelaren bila jarraitzen du Azkoitiko Anaitasuna futbol klubeko gizonen talde nagusiak, oraindik jokoan baitu sailkapeneko bigarren postua. Hain zuzen ere, datorren partidan puntu bat lortzea nahikoa izango du postu horri eusteko, eta datorren larunbatean, hilaren 25ean, jokatuko du partida erabakiorra Eibar taldearen aurka. Hango Unbe Inferior zelaian jokatuko dute norgehiagoka, 17:30ean hasita, eta partidaren garrantzia dela eta, klubak autobusa antolatu du beste behin ere hara joateko.

Anaitasunak adierazi duenez, autobusa bi ordutan jartzeko asmoa dute; 12:00etan eta 16:30ean. Dena den, izena ematen duten herritarren kopuruaren arabera antolatuko dute garraio zerbitzua, eta horretarako epea jarri dute. Zaleek dagoeneko eman dezakete izena Dean, Latz eta Takun tabernetan, eta osteguneko 21:00ak bitartean izango dute horretarako aukera. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide