Zapatu betearekin agurtu zituzten San Isidro jaiak Madariagan

Urola Kostako Hitza 2019ko maiatzaren 19a

Asteburuan borobildu dituzte Azkoitiko Madariagan joan den asteazkenean, San Isidro egunarekin, hasitako festak.

Ostiral gauean, mus txapelketa jokatu zuten Otarre jatetxean. 28 bikote lehiatu ziren bertan eta Itziarko Erleteko andre-gizonek jantzi zituzten txapelak.

Atzo, berriz, jaietako egunik oparoenarekin bukatu zituzten aurtenngo sanisidroak Madariagan. Goizetik gauera, askotariko ekitaldiekin betetako egitarauz gozatzeko parada izan zuten adin guztietako bizilagunek; horietako askotan euria lagun izan bazuten ere, iragarritako hitzordu guztiak betetzeko moduan izan ziren. Horrela, goizean mendi ibilaldiarekin hasi eta kirola eginez jarraitu zuten, pilota partidekin. Eguerdian, batzuek auzotarren bazkaria prestatzen zuten bitartean, umeak marrazki tailerrean murgilduta ibili ziren. Bazkalondoan, berriz, besteak beste ume jolasak eta Koateiko astoaren kontrako giza proba izan zituzten, Mendaroko taldearekin. Gauean, Otarren mahaiaren bueltan elkartu ziren berriro Madariagan, sanisidroak agurtzeko.

Otarrearen zozketa

Aurtengo festak bukatu aurretik, otarrearen zozketa ere egin zuten atzo antolatzaiileek. 0986 zenbakiari egokitu zaio lehen saria, eta 4.106 zenbakiari, bigarrena. Ordezko zenbakiak ere attera zituzten, lehendabizikoen jabeak agertuko ez balira ere: 4.018 da lehen sariaren ordezko zenbakia, eta 0508 zenbakia, berriz, bigarren sariaren ordezkoa.

Hemen, ostiraleko eta zapatuko argazki batzuk (argazkiak: Ana Bastida):

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide