Azkoitiko EH Bilduk gaur eguerdian egin du maiatzaren 26ko udal hauteskundeen kanpainako ekitaldi nagusia. Kontzejupean elkartu dira koalizioak Azkoitiko Udalerako aurkeztu duen hautes zerrendako kideak eta jarraitzaileak, Mertxe Aizpurua Espainiako Kongresuko diputatu hautatu berriak eta Ainara Goenaga alkategaiak esateko zutena entzuteko. Iraitz Otaño hautes zerrendako kideak bete ditu aurkezle lanak.
Aizpuruak hartu du hitza aurrena. Joan den apirilaren 28ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan EH Bilduk lortutako "emaitza onak" gogora ekarrita, "ilusiozko eta indarrezko olatu bat altxatzea lortu" dutela esan du Usurbilgo alkate izandakoak, eta "hurrengo igandeko hauteskundeetan jokaldia errematatu behar" dutela. Azkoitia ere EH Bilduren emaitza onen parte izan dela nabarmendu du Aizpuruak, "2014tik hona 500 boto baino gehiago" igo direlako EH Bilduren emaitzak. Boto horien guztien "indarrarekin", Madrilen "herri honen autodeterminazio eskubidea gauzatzeko" eta "guztion eskubide politiko eta sozialak defendatzeko" lan egingo dutela agindu du, "eta lehentasunez eta premiaz, preso politiko, errefuxiatu eta deportatu guztiak etxera ekartzeko lana egingo dugula".
Maiatzaren 26ari begira, EH Biilduk "herriarekin, herritarrekin eta Euskal Herriarekin duen konpromisoa" nabarmendu zuen Aizpuruak, eta urte hauetan "gauzak ondo egiten" dakitela "frogatu" dutela ere bai. "Gobernatzen dakigula frogatu dugu, ez garela ustelkerietan erortzen, eta herriaren interesak lehenesten ditugula ere frogatu dugu". Azkoitian ere "irabaztera atera" behar direla esan du, eta pilota jokoari erreferentzia eginez, "Espainiako hauteskundeetan hasitako jokaldiari erremate onena ematera" animatu ditu azkoitiarrak, Ainara Goenaga buru duen zerrendarentzat ez ezik, foru bozetan Juan Karlos Izagirre buruan duenarentzat eta Europakoetan Pernando Barrena buru duenarentzat ere botoa eskatuta. Pilota bezala, iturburua Azkoitian duen Euskal Herriaren Adiskideen Elkartea eta haren sorrera garaiko "ilustrazio haizeak" ere aipatu ditu Aizpuruak, hilaren 26an "Azkoitiari eta Euskal Herriari esateko aspalditik datozen eta urrutira doazen herriak direla, eta esan ezazue orain errepublikak", eskatu du.
Diputatuaren hitzartzea bukatuta, eta Goenaga alkategaiak bere txandari heldu aurretik, dantzak eta musikak izan dute tartea ekitaldian. Ainhize Azpiazu Eh Bilduren udal zerrendako kidearen eskutik etorri da, hain zuzen ere, eguerdiko une hunkigarrienetakoa izan dena; Ken Zazpiren Zapalduen olerkia kantuarekin osatutako koreografia dantzatu du Azpiazuk eta bertaratutakoek txalo zaparradarekin eskertu diote emanaldia.
Herri "bizia", "kritikoa" eta "eraikitzailea"
Azpiazuren dantza eta eguraldi eskasa izan arren Kontzejupera joatera animatu direnei eskerrak emanez hasi du bere hitzartzea Goenagak, eta ekitaldia plazan ez baino Kontzejupean egitea EH Bilduren ezaugarrietako batekin lotu nahi izan du: "Zalantzak izan genituen ekitaldi hau Elkargunera eraman ala ez, eguraldiagatik. Baina EH Bilduk beste alderdi politikoekiko duen desberdintasun handienetakoa da kalea. Gu kalean egoten gara, kalea zapaltzen dugu, eta ikusten genuen gaur ere kalean egon behar genuela".
Datozen hauteskundeen "garrantzia" azpimarratuz jarraitu du hizketan alkategaiak. "EH Bildu lan handia egiten ari da azken urteetan eta apirileko emaitzetan ikusi da. Goraka goaz, indarrarekin goaz, aurrera egiteko konpromisoarekin, eta etenik gabe jarraituko dugu horrela". Azkoitian aurkari nagusi izango duten EAJri zuzendu zaio ondoren EH Bilduren zerrendaburua. Kanpainan "erasokor" aritzea egotzi die jeltzaleei, "gure kanpaina zikindu nahian", baina "alferrik" ari direla gaineratu du: "Ez gara sartuko beren estrategietan, sinisten dugun proiektua daukagulako, eta ez daukagu besteren kanpainak zikindu beharrik; programa bat dugulako, geurea, defenditzeko, eta talde oso on bat hori aurrera eramateko".
"Azkoitia desberdin bat eraikitzea" nahi dutela esan du Goenagak, eta hori lortzeko egingo dutela lan. Duela zortzi urte EH Bilduk alkatetza lortu zuenekoa gogoratu zuen; agintaldi hartan "akatsen batzuk egingo" zirela onartuta, "la on asko" egin zutela nabarmendu du. "Ez zen erraza izan zuloan sartuta zegoen herri bat eskuetan hartzea eta zulo horretatik ateratzea. Uste dut garbi esan behar dugula hori ez zuela EAJk lortu, EH Bilduk baizik", esan du alkategaiak, azkenaurreko agintaldi hura orain bukatu berri denarekin alderatu aurretik. "Azken lau urteotan ikusi dugu EAJk ez duela gauza handirik egin, eta azken sei hilabeteetan saiatu dela aurreko urteetan egin ez dituenak egiten. Baina herriak ikusi du hori, eta erantzuna ere eman dio". Goenagaren esanetan, herriaren erantzun horren adierazle dira azkenaldian herrian sortutako hainbat talde dinamika; Marea Urdina, Floreagako auzotarrak, Instalazio Duinak Orain, Egoitza Kalera, Herrikoloreak eta "Gure Esku Dagok izan duen arrakasta" aipatu ditu. EH Bilduk "horrelako herri bat nahi" duela azpimarratu du, "herri bizi bat, herri kritiko bat kritikoa izan behar denean, herri eraikitzailea eta denontzako lekua daukana, inor baztertuko ez duen herri bat".
Gaurkoa ez zen EH Bilduk Azkoitian osatu duen programa aurkezteko hitzordua, baina Goenagak gogoratu du "herri programa ez dagoela itxita, bilerak egiten eta herritarrekin egoten jarraituko dugu, herri programa ireki bat delako". Ildo horretatik, bere "eskaera" luzatu die Goenagak herritarrei: "Maiatzaren 26rako gurekin konfiantza izatea eskatzen dizuet. Eskatu nahi dizuet zuen konfiantza eta herri desberdin baten aldeko apustua egitea. Azkoitia atzean gelditzen ari zaigu aspaldi honetan eta hori ezin dugu horrela utzi. Uste dut Azkoitiak ez duela merezi gaur egun duen Udal Gobernua, ezin dugu onartu herritarren aurrean azalpenak emateari uko egiten dion agintari bat. Azkoitiak politika egiteko beste modu bat merezi duela uste dut eta aldaketa hori guk emango dugu, EH Bilduk".
"Hil bukaerara iristen ez" diren pentsiodunak, lan prekarioak dituzten gazteak, "herriko negozioak ixten" ari direla ikusten duten merkatariak, irisgarritasun arazoak pairatzen dituztenak, zaharren egoitzako egoiliarrak eta haien familiak, auzoetako bizilagunak, eta "ahaztuta dauden" kultur taldeak eta eragileak gogora ekarri ditu Goenagak bere hitzaldiaren azken txanpan. "Ozen esan nahi diegu beren aukera, beren alternatiba, EH Bildu dela", esan du. "Etxetik urrun dauden Txetxu eta Kinttela eta euskal presoak eta iheslariak" gogora ekarri ditu ekitaldia bukatu aurretik, eta bereziki hunkitu egin da duela gutxi hildako Ramon Oñederra Katturen ama, Arantxa Bergara, gogoratu duenean. Azken lau urteetan udalean kide eta lagun izan dituenei zein hauteskunde hauetan bera buru dutela aurkeztu direnei "eskerrak" emanez bukatu du hitzartzea Goenagak, zerrendakideei banan-banan deitu eta elkarrekin argazkia atereaz.
Hemen. eguerdiko ekitaldiaren irudi gehiago: