Azkoitia Lagunkoiak, Azkoitiko Udalarekin eta Plaza Ondo jubilatuen elkartearekin elkarlanean, emozioak identifikatzeko eta ulertzeko ikastaroa antolatu du. Sentitu izena jarri diote tailerrari, eta haren helburuetako bat da norberak bere indargune psikologikoak ezagutzea, ongi sentiarazten duten erlazioak zaintzearen garrantziaz jabetzea edota bakardadearen alderdi positiboak lantzea. Psikologian doktorea eta Matia Fundazioko ikertzailea den Nerea Galdonak zuzenduko ditu saioak.
Lau saiotan banatu dute ikastaroa, eta guztira, sei orduko iraupena izango du. Maiatzaren 29an eta ekainaren 5ean, 12an eta 19an izango dira saioak, 10:30etik 12:00etara. Plaza Ondo jubilatuen elkartearen egoitzan izango dira saioak, Kultur Etxean. Ikastaroa doakoa da eta parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete dagoeneko, udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan edo 943-08 00 80 telefonora deituta.
Aurtengoa emozioen inguruan Azkoitia Lagunkoiak antolatzen duen bigarren ikastaroa da. Iaz Nola mantendu gure emozioak modu inteligentean izenburupean beste ikastaro bat eskaini zuen Azkoitia Lagunkoiak; orduko hartan, emozioak, sinesmenak eta balioak ezagutzeko estrategiak landu zituzten, eta emozioek osasunean eta harremanetan duten eragina aztertu zuten.