"Buruarekin eta bihotzetik" kudeatuko duen programa aurkeztu du Azkoitiko EAJk

Urola Kostako Hitza 2019ko maiatzaren 17a

Azkoitiko EAJk udal hauteskunde kanpainako ekitaldia egin zuen atzo, osteguna, Elkargunean, eta jeltzaleek datorren agintaldirako lan ildoak aurkeztu zituzten Oteiza aretoan elkartu ziren dozenaka herritarren aurrean. EAJren Azkoitiko Udalerako hautagaiak taula gainean zirela, Javier Zubizarreta egungo alkateak eta datorren agintaldirako alkategaiak, Ana Azkoitia egungo alkateordeak eta datozen bozetarako hautagaiak eta Asier Aranbarri Azkoitiko Uri Buru Batzarreko presidenteak hartu zuten hitza.

"Buruarekin eta bihotzetik" kudeatu nahi du Azkoitiko EAJk, Zubizarretaren arabera, kudeaketak "eraginkorra" eta "humanoa" behar duelako izan: "Erabaki bakoitzaren atzean pertsonak daude". Hori hala izanik, "pertsonak erdigunean" jarrita osatu dute lan programa, eta proposamen "errealistak" helarazi dituzte. "Esku artean dugun programak erronka berrien aurrean jartzen gaitu. Kontu handiz ibili gara gauza batekin: ez dugu sartu bete ezingo dugun ekimen eta proiekturik", esan zuen alkategaiak.

Amaitzear den agintaldiaren agurreko kutsua ere hartu zuen atzoko ekitaldiak, eta Zubizarretak, hunkituta, eskerrak eman zizkien lau urteotan ondoan izan dituen alderdikideei. Era berean, berretsi zuen agintaldian erakutsi dutela "gauzak ondo egiten" badakitela eta duela lau urteko programan txertatutako "proiektu ugari" gauzatu dituztela. Ordea, 2015ean hasitako bidean sakontzeko denbora gehiago behar dutela adierazi zuen: "Denborak jarri digu muga, eta denbora nahi dugu bideratuta ditugun proiektuei jarraipena eman eta egi bihurtuta ikusteko".

Alderdia zein bere hautagaitza defendatzeko tartea ere hartu zuen Zubizarretak, eta EAJk "herrigintzaren alde" duen jarrera txalotu zuen hark. "Guk ez dugu testuinguruaren arabera diskurtsoa moderatu edota gogortu beharrik izaten, elkarrizketa ez diogulako inoiz inori ukatu, ezta ukatuko ere".

"Egingarriak eta beharrezkoak"

Azkoitiak jakinarazi zituen programako puntu nagusiak, eta hark adierazi zuen parte hartze prozesu baten bidez osatu dutela dokumentua. Haren arabera, formakuntzak eta enpleguak lehentasuna izango dute datorren agintaldian, eta azken arlo horretan industria lursaila egokitu nahi dute, enpresak herrira erakartzeko asmoz.

Horrez gain, emakumeengan arreta jarri nahi dute, besteak beste, enpleguaren arloan eta gizarte zerbitzuetan. Hala, aurreratu zuen gizarte laguntzen onuradunen profilak aztertuko dituela, emakume alargunetan fokua jarrita.

Bestalde, Plaza Berria eraberritzeko prozesua hasi nahi du EAJk, eta programaren beste zati bat hartzen dute kirol instalazioak hobetzeak, igerilekuak handiatzeko finantziazioa lortzeak eta beste futbol zelai bat eraikitzeko aukera aztertzeak. San Jose egoitzari dagokionez, berriz, hautagaiak aurreratu zuen "oraingoz" ezin dela egoitza herrira gerturatu, baina "borondate guztia" azaldu zuen hango egoiliarren eta horien senideen joan-etorriak "errazteko".

Era berean, San Martin eta Floreaga auzoetako irisgarritasuna hobetzea, Santa Klarako espaloia konpontzea, aparkalekuen arazoari irtenbidea ematea, Oteiza frontoietan komun publikoak jartzea, Trenbidearen Zumardian ur parkea egitea, asteburuetako osasun zerbitzuak berreskuratzea, baserri bideak zaintzea, argiteria publikoa aldatzea eta kaleetako garbitasuna bermatzea dira EAJren programako beste puntuetako batzuk.

Konpromiso eske

Aranbarrik, bere aldetik, alderdiak izandako ibilbidea eta haren egungo balioak goraipatzeko baliatu zuen hitzartea. "Eusko Alderdi Jeltzaleak keizpe handia du egun, sortu zenetik euskal interesak leku guztietan defendatzen aritu baita. Gauza askotan sartuko genuen hanka, baina erabaki nagusienetan EAJk ondo egiten asmatu du".

Era berean, ezker abertzaleari kritika egin zion Aranbarrik bere hitzartzean: "Ezker independentistak ez du asmatu zenbait une erabakiorretan. Franco hil ondoren, EAJk ez bezala, estatutuaren eta kontzertu ekonomikoaren aurka egin zuen ezker independentistak, eta haren erabakia izan zen Madrilgo hauteskundeetara ez aurkeztea. Guk erabaki genuen edozein lekutara aurkeztu behar genuela, eta horretan ere asmatu genuen". Aranbarrik gaineratu zuen bakoitzak bere iraganari begiratu behar diola, eta zentzu horretan, ezker abertzaleak "kendu ez duen zama" duela azpimarratu zuen. "Ziur naiz xumetasunez autokritika egiten duen egunean elkarlanerako bideak egongo direla; bien bitartean, zaila izango da".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide