Azkoitiko Anaitasuna futbol klubaren Ohorezko Mailako taldeak aukera izan dezake Espainiako Hirugarren Mailara igotzeko. Datorren zapatuan, 17:00etan, Aretxabaleta jasoko dute Txerloian, eta kluba hasi da zapatuko partida prestatzeko lanekin; harmailak eta zelaiaren inguruak gorriz koloreztatuko dituzte beste behin.
Jokalariek zaleen babesa eskatu dute zapatuko partidarako, eta klubak 700 puxika gorri banatuko ditu harmailetako aulki bakoitza betetzeko asmoarekin. Jokalariak ereserkiarekin batera zelairatzen direnean eta gol zein ospakizunetan gogotik astintzeko izango dira puxikak. Puxikekin harmailaren garrantzia azpimarratu nahi du klubak, hasieratik amaitu arte garrantzitsua izango delako zale gorrixen bultzada. Jokoan zerbait izan duenean hartutako erabaki bera hartuko du oraingoan ere klubak: kamiseta zein bufanda gorriarekin joaten denak zelaira, Anaitasuna-Aretxabaleta neurketa ikusteko sarrera doan izango du.
Ez da etxean gelditzeko eguna, ez da ligako beste partida bat. Mutilek historia egin eta idatz lezaketen beste egun bat izango da zapatukoa. Anaitasunak taldearekin bate egiteko dei egiten die bazkide, kolaboratzaile, jarraitzaile, lagun eta familiako kide guztiei. Idatz dezagun historia elkarrekin.
Emakumeak Kopako lehiarako prest
Era berean, Anaitasunako Euskal Ligako emakumeek Kopako ibilbidea hasiko dute asteburuan, Leioako Sarriena zelaian (Bizkaia). Leioako Emakumeak taldearen aurka jokatuko dute lehen kanporaketa, zapatuan, 15:30ean. Taldeak aurrera eginez gero, Derio-Eibar kanporaketako irabazlearen aurka lehiatuko da, Txerloian.
Horrez gain, Anaitasunak gogorarazi du zabalik jarraitzen duela Zuzendaritza Batzorde berria osatzeko deialdiak.