Ate joka dira San Isidro festak eskualdeko hainbat txokotan, eta Azkoitiko Madariaga auzoan ere jaietan murgilduko dira datozen egunetan. Hango festa batzordeak dagoeneko prest du egitaraua, eta auzotarrak asteazkenean, San Isidro egunean, hasiko dira horiek ospatzen. Ohi bezala, asteazkenean prozesioa eta meza egingo dituzte auzoko elizan. Ondoren, hamaiketakoa egingo dute tabernan, eta bertaratzen direnek salda eta pintxoak hartuko dituzte.
Ostiralean, hilaren 17an, jarraituko dute festek, mus txapelketarekin. Otarre jatetxean jokatuko dute txapelketa, eta han parte hartzeko izena emateko 943-85 37 56 telefonora deitu beharko da. Larunbaterako, berriz, egun osoko egitaraua prestatu dute antolatzaileek, eta besteak beste, mendi irteera, pilota partidak, marrazki tailerra, bazkaria, umeentza jolasak, giza proba eta Zelai Luzeren animaliak izango dira. Gainera, Laja II.a eta Lutxurdixo trikitilariek Asier Txibilter eta Ion Gurrutxaga eta Unai Eizagirre Aittola bertsolariek auzoa girotuko dute egun osoan zehar. Iluntzean, berriz, Otarren egingo duten afariarekin agurtuko dituzte festak, eta herritarrek 25 euroan izango dute otordua.
Ikusi sanisidroetako egitarau zehatza, hemen:
Maiatzak 15, asteazkena. San Isidro eguna.
- 11:00. Prozesioa eta meza.
- 12:00. Hamaiketakoa.
Maiatzak, 17, ostirala.
- 21:30. Mus txapelketa, Otarre jatetxean.
Maiatzak 18, larunbata.
- 11:00. Mendi irteera Madariaga inguruan, ume eta helduentzat.
- 11:30. Auzotarren arteko pilota partidak.
- Ondoren. Eneritz Arrieta eta Alaitz Badiola eta Nagore Aramendi eta Oihana Orbegozo bikoteen arteko pilota partidak.
- 12:30. Marrazki tailerra.
- 14:30. Auzotarren bazkaria eta omenaldiak.
- 16:30. Umeen jolasak eta merienda.
- 18:00. Giza proba: Mendaroko gizon taldea Koateiko astoaren aurka.
- 19:00. Zelai Luzeren animaliekin jolasak.
- 21:00. Afaria, Otarre jatetxean. Izen-ematea 25 euroan.