Anaitasunako Ohorezko Mailako gizonen taldeak ez du bigarren postua bermatzerik lortu

Urola Kostako Hitza 2019ko maiatzaren 13a

Anaitasunako gizonen talde nagusiak norgehiagoka garrantzitsua galdu zuen larunbatean, Tolosaren aurka. 2 eta 0 galdu zuten aurkarien zelaian, eta falta diren bi jardunaldien zain gelditu beharko dute bigarren postuan amaituko duten edo ez jakiteko.

Anaitasuna eta Tolosaren aurkako norgehiagoka, Tolosako Berazubi zelaian. (C.D Anaitasuna)

Erabakigarria izan zitekeen aukera galdu zuen Azkoitiko Anaitasuna futbol klubeko gizonen talde nagusiak larunbatean, Tolosako Berazubi zelaian. Ligako bigarren postua mantendu nahi zuten gizonek, liga bigarren amaituz gero, mailaz igotzeko aukerak izan ditzaketelako, nahiz eta hori ez dagoen oraindik baieztatuta. Liga amaitzeko bi jardunaldi falta dira, eta partida horietan ikusi beharko da Azkoitiko taldeak bigarren postua ziurtatzen duen edo ez.

Ohorezko Mailan bigarren postuan da Anaitasuna, eta Tolosa hirugarrenean. Sei puntuko aldea ateratzen zion Anaitasunak Tolosari, eta partida galdu ostean, sei puntuko aldea hirura murriztu da. Falta diren bi jardunaldietan Anaitasunak guztira lau puntu eskuratu beharko ditu bigarren postua bermatzeko –Aretxabaletaren eta Eibarren aurka jokatuko ditu partidak–. Edonola ere, beste taldeen emaitzak kontuan izanda, posible da puntu gutxiago eskuratuta ere bigarren amaitzea Azkoitiko taldeak. 

Hala eta guztiz ere, bigarren amaituta ere posible da Anaitasunaren Ohorezko Mailako taldea ez igotzea Espainiako Hirugarren Mailara, eta horren aurrean, "zuhurtziaz" jokatzea nahi du klubak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide