Datorren maiatzaren 26ko hauteskundeetarako programa aurkeztu zuen atzo, ostirala, Azkoitiko EH Bilduk, Elkargunean egin zuen herri batzarrean. Ainara Goenega alkategaiak eta Iraitz Otaño bozeramaileak hartu zuten hitza, eta herri programa osatzeko "ehunka azkoitiarrekin" bildu direla azaldu zuten koalizioko kideek. Koalizioaren asmo nagusia "parte hartzea berriro udal politiken erdigunera" ekartzea da.
Azkoitiko EH Bilduren herri programak lau ardatz nagusi ditu, eta ardatz horiek izan zituzten hizpide Goenagak eta Otañok: irisgarritasun plana berritzea, kirol eta aisialdi instalakuntzak berritzea, azkoitiarren bizi baldintza duinak bermatzea eta etorkizuneko azkoitiarren oinarriak eraikitzea.
Irisgarritasun planari dagokionez, Azkoitiko EH Bilduk dio "Azkoitia osoan" dagoen arazo bati "irtenbide integrala" ematea dela koalizioaren helburua; behar handiena duten auzoak lehentsiko dituztela azpimarratu zuten EH Bilduko kideek, adibidez, Floreaga edo San Martin auzoak.
Kirol eta aisialdi instalakuntzei dagokionez, kirol instalakuntzak "txiki" gelditu zirela adierazi zuten, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin "elkarlanean" arazo horri irtenbidea aurkituko diotela gaineratu zuten. Bestetik, "elkargune publikoa" bultzatzea ere badu helburu koalizioak.
Azkoitiarren bizi baldintzak ere izan zituzten hizpide koalizio abertzaleko kideek. Pentsiodunentzako "diru laguntza" sortzeko asmoa du koalizioak, besteak beste. Etxebizitzen alokairua ordaintzeko dirulaguntza "adin guztietara" zabaltzea ere nahi dute EH Bilduko kideek.
Etorkizuneko azkoitiarren oinarriak eraikitzeko asmoz, "Azkoitia herri justuagoa izan dadin" lan egiteko asmoa dutela adierazi zuten koalizioko kideek, eta EH Bilduren lehentasunetako bat, Azkoitiko Udalean berdintasun teknikaria "berreskuratzea" izango da. Horrez gain, "kultur plan integrala" finkatu nahi dute EH Bilduko kideek, "herriko ondare kulturala eta sortzaileen lana" indartzeko.
Kanpainako egutegia
Herri programa aurkezteaz gain, hasi berri den kanpainako egutegiaren berri eman zuten Azkoitiko EH Bilduko kideek: maiatzaren 18an izango da ekitaldi nagusia herriko plazan, Ainara Goenaga alkategaia eta Mertxe Aizpurua Espainiako Kongresuko EH Bilduren diputatua izango dira ekitaldian; maiatzaren 20an, berriz, Elkargunearen publifikazioari buruzko aurkezpena egingo dute 19:00etan, Elkargunean bertan.