Bebarruko Jardunei datorren urterarte agur esateko bi kontzertu izango dira gaur Azkoitiko Matadeixen. 22:30ean hasiko da lehen kontzertua: batetik, Nahia Zubeldia eta Manu Matthys lapurtarrek osatzen duten Lumi taldea igoko da oholtzara, elektronika eta post-rocka uztartzen dituen taldea; bestetik, Riosenti talde mexikarra entzuteko aukera izango da, Jose Avalosen eta Aline Novaroren musika doinuak, hain zuzen ere.
Matadero Ekintzak taldeak hainbat ekitaldi antolatzen du urtero Bebarruko Jardunetan; joan den apirilaren 12tik gaur arte, hamaika ekitaldi izan da herritarren gozamenerako Azkoitiko Matadeixen, eta gaurko bi kontzertuen ondoren amaituko dira aurtengo Bebarreko Jardunek.