Buero saria irabazi du 'K-baret' antzerki musikalak

Urola Kostako Hitza 2019ko maiatzaren 10a

Coca Cola fundazioak antolatzen duen Buero antzerki gaztearen saria irabazi du Azkoitiko eta Azpeitiko Bigoterik Gabea antzerki taldearen 'K-baret' antzerki musikalak. Ekainaren 8an izango da sari banaketa Gasteizen.

'K-baret' antzerki musikala. (Alberto Beloki)

EAEko antzerki obra onenaren saria irabazi du K-baret antzerki musikalak maila ez eskolarrean. Coca Cola fundazioak urtero antolatzen du Buero sariketa gazteen artean antzerkirako grina eta afizioa sustatzeko asmoz, eta aurtengoa 16. edizioa izan da. Sari nagusiaz gain, Azkoitiko eta Azpeitiko Bigoterik Gabea taldearen antzerki musikalak aipamen berezia jaso du koreografian, eszenografian, zuzendaritzan eta interpretazioan. Antzerki musikaleko kideek "oso pozik" daudela adierazi dute, eta datorren ekainaren 8an Gasteizen egingo den sari banaketan izango direla baieztatu dute.

Bigoterik Gabea taldea fase nazionalera igaro da K-baret antzezlanarekin, eta antolatzaileek ekainean emango dute Espainiako irabazleen berri. Antzerki musikaleko kideek adierazi dutenez, "oso zaila" izango dute Madrilen irabaztea, baina "itxaropentsu" daude.

Bi urte eman ditu Bigoterik Gabea antzerki taldeak K-baret antzerki musikala prestatzen, eta obrak orain arte izan duen harrerarekin "oso gustura" daude taldekideak. Azpeitiko Soreasu antzokia goraino bete zuen K-baret ikuskizunak joan den igandean. Gaur gaurkoz, Bigoterik Gabea taldeak ez du obraren beste emanaldirik iragarri.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide