Ibilgailu klasikoen bilgune izango da Azkoitia igandean

Urola Kostako Hitza 2019ko maiatzaren 9a

VIII. Ibilgailu Klasikoen Topaketa egingo dute igandean Azkoitian. Ohi bezala, ibilgailu klasikoak eta historikoak ikusteko aukera izango da Plaza Berrian, eta antolatzaileek prest dute egun horretarako egitaraua: 10:30etik 12:30era ibilbidea egingo dute Azkoitia eta Urrestilla artean. Tartean, gainera, geldialdia egingo dute San Jose egoitzan, hango egoiliarrek ere ikus ditzaten autoak. Ondoren, Plaza Berrian jarriko dituzte ikusgai ibilgailuak.

Eguerdian, berriz, bazkaria egingo dute Orbelan, eta hara joateko izena eman daiteke Kutxako 2095 5028 70 9115036181 kontu korronte zenbakian, 22 euroan. Aurten, gainera, Marea Urdina elkarteko eta Goienetxe fundazioko eta Txolarteko kideek autoan ibilbidea egiteko aukera izango dute.

Motorrak berotzen joateko, bihar ere izango da ekitaldirik egitasmoaren barruan; Joxe Felix Zubizarretak motozerra erakustaldia eskainiko du 13:00etan Aita Madinabeitia plazan eta 19:30ean Plaza Berrian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide