Suhar abesbatzak emango du Udaberriko Musikaldiko bigarren kontzertua datorren larunbatean, hilak 11, 18:30ean, eta horren aurretik Artea eta musika Santa Kutz monastegian izenburupean, bisita gidatua antolatu dute Ezkutuko Altxorrak egitarauaren baitan. Bisita gidaturako izena eman nahi duenak info@ignaziotarlurraldea.com helbidera idatzi, edo 943151878 telefonora deitu beharko du.
Joan den larunbatean, maiatzak 5, izan zen Azkoitiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen duten Udaberriko Musikaldiko lehen kontzertua Santa Kutz komentuan, Zugaz taldearen eskutik. Maiatzeko asteburu bakoitzean kontzertu bat izango da. Aste honetako kontzerturako Mendelssohn, Schubert eta Brucknerren obrak aukeratu ditu Suhar taldeak; Amaia Zipitria pianistak, Juan Ignacio Emme biolontxelistak eta Maite Arruabarrena mezzosopranoak emango dute kontzertua. Hilaren 18ko kontzertua, Haizea Muñoz sopranoak eta Paula Iragorri mezzosopranoak eskainiko dute Borja Rubiños piano-jotzailearekin, eta azken emanaldia, Oiasso Kamerata hari-orkestra taldearena izango da, hilaren 25ean.
Ohi bezala, Azkoitiko Udalak autobus zerbitzua ipiniko du joan-etorria egiteko. Autobusa 18:00etan aterako da Julio Urkixoko geralekutik.