ELA sindikatutak deituta, joan den apilaren 26tik maiatzaren 10era arte greban dira Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileak, horiek bizi duten "prekarietatea" gizarteratzeko eta "zaintza duina" aldarrikatzeko. Lurralde osoan egiten ari diren mobilizazioen barruan, gaur, asteazkena, elkarretaratzea egin dute egoitzetako hainbat langilek Azkoitiko eliz atarian, eta bizi duten egoeraz ohartarazteaz gain, irtenbidea eskatu diote Gipuzkoako Foru Aldundiari.
Sindikatuak adierazi duenez, "gizarte osoari" eragiten dion honako eskubide honen alde ari dira langileak borrokan: "Herritar guztiok gure bizitzako azken urteetan merezi dugun zaintza jaso ahal izatea". Horretarako, langileek ezinbestekotzat jo dute "kalitatezko lan baldintzak" izatea: "Denbora eta lan karga egokiak behar ditugu ondo zaintzeko eta 6.000 egoiliarren beharrei behar bezala erantzuteko. Hamabost minutu ez dira nahikoak egoiliarrak altxatu, garbitu eta janzteko, hori baino gehiago merezi dute".
Horrez gain, lan kontratu eta soldata "duinak" eskatu dituzte beharginek, eta emakumezkoek jasaten duten soldata arrakala salatu dute. Izan ere, sindikatuaren arabera, emakumezkoek gizonezkoen baino %30 gutxiago kobratzen dute. "Urtean 6.000 euro gutxiago jasotzen dugu, soilik emakume izateagatik. Martxoaren 8an soldata arrakalarekim amaitu behar zela defendatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta orain, gure lan baldintzak hobetzeko unea iritsitakoan, kontrakoa egiten du; soldata arrakalaren defendatzaile sutsua da". Hori hala, sindikatuaren helburua da aldundiarekin akordiora iristea, baina zentzu horretan, erakundearen jarrera gaitzetsi du. "Greba dinamika martxan jarri genuenean, ELAko ordezkariei eta patronalari negoziatzeko eta akordio batera iristeko eskatu zigun aldundiak. Hala egin dugu Adegirekin eta Matiarekin, baina aldundiak uko egin dio akordio hori finantziatzeari. Are gehiago, aldundiko Gizarte Politiketako diputatu Maite Peñak akordio hori faltsutu egin zuen eta gezurtatu egin du akordio bat egon denik", esan dute.