Anaitasuna futbol klubak autobusa antolatu du larunbatean Tolosara joateko

Urola Kostako Hitza 2019ko maiatzaren 8a

Azkoitiko Anaitasuna futbol klubeko Ohorezko Mailako taldeak bigarren postua ziurtatu nahi du, eta horretarako aukera izango du larunbatean Tolosan. Klubak autobusa antolatu du hara joateko, eta interesatuek eman dezakete dagoeneko izena.

Anaitasunako Ohorezko Mailako taldeak joan den astean Zarautzen aurka jokatutako partidako irudia. (Maialen Arzallus)

Azkoitiko Anaitasuna futbol klubeko gizonen talde nagusiak bigarren postua du jokoan, eta datorren larunbatean, maiatzak 11, postu hori ziurtatzen saiatuko dira. Ohorezko Mailako taldeak Tolosako Berazubi zelaian jokatuko du neurketa, aurkaririk zuzenenaren aurka; Tolosa hirugarren sailkatua baita.

Tolosa sei puntu atzetik du Anaitasunak denboraldia amaitzeko hiru partidaren faltan. Azkoitiko taldeak sailkapeneko bigarren postua ziurtatu nahi du, eta zapatuan Tolosan irabazita sailkapeneko bigarren postua berea izango du. Aurten, gainera, bigarren egiteak Hirugarren Mailan jokatzeko aukera eman lezake. Anaitasunak, halere, "zuhurtziaz" jokatu nahi du balizko egoera horren aurrean, eta gaur-gaurkoz ezin du baieztatu bigarren eginda taldea Hirugarren Mailara itzuliko denik.

Autobusak Tolosara joateko

Bigarren postua lortzeko lanetan, zaleak bidelagun izatea nahi du klubak. Hori horrela, autobusak jarriko ditu Anaitasunak Tolosara joateko eta handik itzultzeko. Liburutegiko geltokitik abiatuko dira autobusak 15:15ean Tolosako Berazubi zelaira. Autobusean bidaia egiteko izena ematea beharrezkoa izango da, ordea. Izena Azkoitiko Tta-kun, Latz eta Dean tabernetan eman beharko da, ostiraleko 12:00ak baino lehen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide