Azkoitiko Sustraiak Bizirik elkarteko kideek hiru hitzaldi antolatu dituzte datozen egunetarako. Etzi, maiatzak 9, izango da lehen solasaldia, eta hilaren 17an eta 31n gainontzeko biak. Bertako produktuak kontsumitzeak duen garrantzia azpimarratzeko helburuarekin egingo dituzte saioak. Sustraiak Biziriken arabera, bertako produktuak kontsumituz gero, baserritarrei laguntzeaz gain, kutsadura saihesten da, baita multinazionalak aberastea ere.
Ostegunean izango da lehen saioa; Josep Pamies ariko da hizlari lanetan. Bigarren saioan, Gorka Torre izango da gidaria, eta hirugarren saioa Jakoba Errekondok eskainiko du. Hiru hitzaldiak Elkargunean izango dira, 19:00etan hasita.