3x3 Futbol Festa egingo dute Azkoitian ekainaren 21etik 23ra

Urola Kostako Hitza 2019ko maiatzaren 7a

Azkoitiko VI. 3x3 Futbol Festa jokatuko dute ekainaren 21ean, 22an eta 23an. 2007 eta 2014 urteen artean jaiotakoek parte har dezakete lehian. Dagoeneko zabalik dago izena emateko epea; maiatzaren 27a izango da horretarako azken eguna.

3x3 Futbol Festako iazko irudia.

Azkoitiko VI. 3x3 Futbol Festako prestaketa lanak hasi dituzte antolatzaileek. Ekainaren 21ean, 22an eta 23an izango dira ekitaldiak, eta dagoeneko 80 taldek eman dute izena. Futbol Festa aurreko edizioetako kopuruetara iritsiz gero, 700 partidatik gora jokatuko dituzte gaztetxoek aipatutako egunetan Azkoitian. Iaz 5 eta 12 urte bitarteko 660 umek parte hartu zuten lehian, 160 taldetan banatuta.

Interesatuek maiatzaren 27ra bitartean eman dezakete izena. 2007 eta 2014 urteen artean jaiotakoek parte har dezakete lehian, bi urteetan jaiotako gaztetxoak barne. Izena www.azpeitiacup.com atarian edo honako saltoki hauetan eman daiteke: Azkoitiko Ñam Ñamen, eta Azpeitiko eta Zarauzko Halcon Bidaiaken egoitzetan.

Gipuzkoako hamar udalerritako gaztetxoak izango dira Azkoitiko Futbol Festan: Azkoitia, Azpeitia, Errezil, Zestoa, Zumaia, Getaria, Zarautz, Urretxu, Zumarraga eta Legazpi.

Antolatzaileek azaldu dutenez, txapelketarako hiru egun ezarri dituzten arren, ziurrenik laugarren egun bat gehitu beharko dute, jende asko animatuko dela aurreikusten dutelako. Laugarren egun hori gehitzen bada, ekainaren 20a izango da. Bestetik, ekainaren 21ean ikasturte amaierako jaialdia egin ohi dute eskolek, eta hori kontutan hartuko dute partiden orduak eta egunak zehazterakoan.

Futbol Festan parte hartzeagatik, kirolari guztiek elastikoa eta domina jasoko dituzte. Kamisetak ekainaren 18an banatuko dituzte, Kontzejupean, 18:00etatik 20:00etara bitartean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide