Herrixen Azkoitiko merkatari elkarteak maiatzeko kanpaina jarri du abian, eta elkarteko saltokietan erosketak egiten dituzten herritarren artean hegaldi bat zozkatuko du. Hain zuzen ere, saria irabazten dutenek euskal kostaldea zeharkatzeko aukera izango dute hegazkin txiki batean.
Hilaren 10etik 30era bitartean erosketak egiten dituztenek hainbat datu bete beharko dute saltokian, eta modu horretara parte hartuko dute Herrixenen zozketan. Elkarteak maiatzaren 31n egingo du zozketa, eta irabazleak 15 eguneko epea izango du saria suertatu zaiola jakinarazteko. Epea gainditu eta irabazlerik agertzen ez bada, ordezko zenbakiari emango diote saria.
Elkarteak adierazi duenez, kanpainaren helburua da herritarrek erosketen bidez "esperientzia ona" edukitzea eta dendari txikiek eskaintzen duten "gertutasuna, konfidantza edota erosotasuna" jasotzea. Era berean, elkarteak "bizipen berriak" edukitzeko aukera eman nahi die erosleei, besteak beste, zozkatuko duten hegaldiaren bidez.