Anthony Blake ilusionistak ikuskizuna eskainiko du Azkoitian

Urola Kostako Hitza 2019ko maiatzaren 6a

Anthony Blake ilusionista eta mentalistak 'Pentsamendu konfidentzialak' ikuskizuna aurkeztuko du ostiralean, 22:00etan hasita, Baztartxo antzokian. Sarrerak eskura daitezke dagoeneko.

Anthony Blake ilusionista eta mentalistak bere azken ikuskizuna –Pentsamendu konfidentzialak– aurkeztuko du ostiralean, maiatzaren 10ean, Azkoitiko Baztartxo antzokian. 22:00etan hasiko da saioa, eta sarrerak egunean bertan leihatilan eskuratu ahalko dira ordubete lehenagotik, 22 euroren truke. Sarrerak aurrez eskuratu nahi izanez gero, www.kulturhiru.eus atarian ere eros daitezke, 18 eurotan.

Blaken arabera, ikuskizunaren ardatzak "dibertsioa eta audientziaren pentsamendu intimoak" dira, eta istorio barregarriak azaleratuko ditu. Blakek mentalki publikoaren etorkizun konfidentziala arakatzen duenekoa da emanaldiko "une gorena". Ilusionistak "iluntasunean ikus" dezake, eta bere "desiorik onenak" argitara ekarri. "Ez dago horrelako beste esperientziarik munduan", azaldu du.

Ikuskizunaren sinopsiak honako hau dio: “Arrotz ezagunez inguratuak gaude. Ezagutzen dituzun pertsonak. Autobuseko txoferra, postaria, supermerkatuko kutxazaina… ezezagun ezagunak dira denak. Bakoitzak istorio interesgarri bat du atzetik. Zuk, beharbada, entzuna duzu istorio horietakoren bat konfidentzialki, baina zenbat ezagutzen dituzu pertsona horiek?".

"Pentsamendu konfidentzialen errealitatearen lekuko izatera eta mundua deskubritzera" gonbidatzen du ikuskizunak. Blake mentalista ezagunak "pentsamenduen manipulatzaile" gisa definitzen du bere burua. Hark azaldu duenez, mago konbentzional batek kartak erabiltzen dituen gisan, berak pentsamenduak erabiltzen ditu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide