Azkoitiko Floreaga ikastetxeak eta hango guraso elkarteak antolatzen dituzten XXX. Euskal Kultur Jardunaldiak hasi dira gaur, larunbata, Azkoitian, eta Potx eta Lotx pailazoek izan dute aurtengo egitasmoa zabaltzeko ardura. Floreaga ikastetxeko On Bosco aretoan elkartu dira dozenaka ume eta guraso, eta dantza, abesti eta jolas artean, arratsalde ederra igarotzeko aukera izan dute han elkartu direnek. 17:00ak pasatxo hasi da haien ikuskizuna, eta amaitutakoan, txokolate beroa eskaini dute antolatzaileek.
Guztira, hiru ekitaldi izango dira Euskal Kultur Jardunaldien barruan. Maiatzaren 17an, ostiralez, bertso saioa egingo dute On Bosco aretoan, 22:00etan, Maxixatzen Euskaldunon Elkartearekin elkarlanean antolatuta. Sebastian Lizaso, Andoni Egaña, Aitor Mendiluze eta Oihana Iguaran bertsolariak arituko dira kantuan, eta herritarrek dagoeneko eskura ditzakete hara joateko sarrerak, doan. Maxixatzenen bulegoan edo Floreaga ikastetxeko idazkaritzan jaso daitezke txartelak.
Hilaren 24an amaituko dituzte jardunaldiak. Iaz bezala, kantu jirarekin amaituko dute egitasmoa, eta 19:00etatik aurrera, herritarrak kalez kale ibiliko dira abesten.
Ikusi gaurko ikuskizuneko argazkiak, hemen: