Azkoitiko Anaitasuna Kakute xake taldea une gozoak bizitzen ari da, duela hilabete batzuk lehenengo mailako Kutxa Liga irabazi zuelako, Preferente mailara igo delako eta aurten 40 urte bete dituelako. Lorpen horiek merezi duten sentipenekin aurkeztu zuten atzo, ostirala, datozen hilabeteetarako prestatu dituzte txapelketan. Taldearen egoitzan elkartu ziren horien berri emateko, eta han izan ziren taldeko kideak eta Angel Martin Azkoitiko Udaleko Kirol zinegotzia.
Kutxa Fundazioaren #izanezberdin Gaztedi Finala izango da Azkoitian jokatuko duten saioetako bat. Maiatzean hasiko da txapelketa, eta Gipuzkoa osoan saioak jokatu ondoren, Azkoitian izango da finala, ekainaren 16an, 10:00etan, Gurea pilotalekuan. Bi kategoriatan banatuta jokatuko dituzte finaleko partidak: Handiak eta Txikiak. Talde bakoitza lau jokalarik eta bi ordezkok osatuko dute.
Horrez gain, ekainean XXXVII. Azkoitia Hiria txapelketa ere jokatuko da Azkoitian, Kakute xake taldearen eskutik. Kontzejupean izango dira partidak ekainaren 30ean, 10:00etatik aurrera, eta lau jokalariz osatutako 18 talde lehiatuko dira han. Bost minutuko partida azkarrak jokatuko dituzte, eta honako talde hauek parte hartuko dute: Fomento, Barakaldo, Zornotza, Hondarribi, Zaldi Baltza, Santurtzi, Zuri Baltza, Martintxo, Abadiño, Easo-Gros, Zubi Ondo, Billabona, Xaputarrak, Elkano y Emakume Xakelariak, eta Mikel Almansa arituko da epaile lanetan. Ohi bezala, Joxe Azkue taldekide zena omenduko dute txapelketaren bidez.