Iraurgi Saskibaloiak atzo, ostirala, zabaldu zuen Garagardo Azoka Azkoitian, eta ohi bezala, dozezaka lagun izan ziren garagardoa eta han prestatutako jakiak dastatzera bertaratu zirenak. 20:00ak jotzearekin bat ireki zituzten plazan jarri duten karparen ateak, eta askok han afaltzeko aprobetxatu zuten unea. Gainera, musikak ere bere tartea hartu zuen atzokoan, 80ko hamarkadako musika izan baitzen nagusi azokak zabalik iraun zuen bitartean. Garagardo zaleek beste hiru egunez gozatu ahal izango dute azokaz. Izan ere, gaur eta hilaren 10ean eta 11n ere zabalik izango da, 20:00etatik 02:00etara bitartean.
Aurreko urteetakoei gehituko zaizkien garagardo berriak (Guinness Nipa, Guinness Hope House eta 18/70 Rubia), bertako janariak (Lumagorri eta Basatxerri etxeen eskutik) eta maiatzaren 10eko mus txapelketa azkarra dira aurtengo berrikuntzak. Azken horri dagokionez, bikoteko 40 eurotan ezarri dute izen ematea, eta honako sariak banatuko dituzte: 1.000 euro eta txapelak irabazleentzat, 500 euro bigarren sailkatzen direnentzat, 250 euro hirugarrenentzat, eta bi lagunentzako afaria laugarren postuan gelditzen direnentzat. 22:00etan hasiko da mus txapelketa, eta 20:30etik 21:30era izango da izena emateko aukera.
Garagardoen eta jakien dastaketa girotzeko musikarik ere ez da faltako. Gaur, DJ Elortxak jarriko du musika, eta DJ Kanutok, berriz, hilaren 11n; 10ean, mus txapelketaren egunean, ez da musikarik izango.