Azkoitiko Floreaga auzoko festak gorenera iritsi dira gaur, asteazkena, Gurutzetxoko XXXVII. Krosarekin. Izan ere, 280 bildu ditu auzoko festetan ezagun bihurtu den hitzorduak, eta Azkoititik ez ezik, inguruko herrietako umeek ere parte hartu dute goizean egin dituzten lasterketetan. Eguzki bete-betearekin eta giro beroarekin egin dute korrika lasterkariek, eta batzuek nekez eta besteek errazago, auzoko maldak zeharkatu dituzte guztiek ere. Aurten, irteera eta helmuga bolatokiaren ondora lekualdatu dute antolatzaileek, autoekin izaten ziren arazoak saihesteko asmoz. Ehunka herritar bertaratu dira krosa ikustera, eta giro ederra nagusitu da saioan zehar.
Gaur amaituko dira bost egunetako festak Floreaga auzoan. Joan zen ostiralean hasi zituzten jaiak, eta askotariko ekintzez gozatzeko aukera izan dute hara bertaratu direnek, hala nola bolo saioez, mus eta eskoba txapelketez edota apar festaz. Dena den, oraindik ez dira amaitu jaiak, eta arratsaldean beste hainbat ekitaldi izango dute han. Ikusi egitaraua, hemen:
– 14:00etan, bazkaria Floreagako tabernan, paella eta oilaskoa. Laja eta Alabier trikitilariek girotuko dute bazkaria.
– 17:00etan, Zelailuzeko zezenak eta pottokak.
– 18:00etan, buruhandiak auzoko kaleetan zehar.
– 20:00etan, festen amaierako txupinazoa.
Gurutzetxoko XXXVII. Kroseko argazkiak, berriz, hemen:
[flickr_set id="72157708206398025"]